Danel Casais txirrindulari oñatiar gazteak Laboral Kutxa talde amateurrarekin zuen hitzarmena berritu egin du, beste urtebeterako. Mikel Aristik eta Julen Irizarrek bizikleta uzteko erabakiaren ostean egin dute ofizial. Horrenbestez, Debagoiena profesionaletan errepresentazio barik geratu den arren, 2023an Euskadi Fundazioaren baitan eskualdeko errepresentazioak jarraitu egingo du gizonezkoetan.
2003an jaiotako txirrindulari oñatiarrarekin batera beste hamar txirrindularik ere jarraituko dutela baieztatu du taldeak. Hauek dira taldean jarraituko duten beste txirrindulariak: Aitor Agirre, Nicolas Alustiza, Sergio Lorenzo, Maxime Renoux eta Unai Zubeldia (2003), Iker Mintegi, Ander Lopez eta Asier Castilla (2002) eta Ailetz Lasa eta Iñaki Murua (2000).
Bestetik, zazpi txirrindularik utzi egingo dute taldea eta hamabi aurpegi berri aurkeztuko dituzte. Datorren astean iragarriko dituzte horiek, hurrengo urtean Euskadi Fundazioan arituko diren 23 txirrindularien multzoa betetzeko.