Oñatiko Garibai auzoko planta handitu egingo du Fagor Professionalek

Koldo Zubia Salas 2022ko urr. 20a, 11:10

Garibaiko plantaren irudia (Argazkia: fagor.eus)

2023an hasiko da eraikitze fasea, eta 11.000 metro karratuko azalera izango du azpiegitura berriak. Orotara, 16,5 milioi euro inguruko inbertsioa eskatuko du azpiegitura berriak, eta, aurreikuspenen arabera, 2024an bukatuko dira lanak.

Oñatiko Garibai auzoan duen planta handitu egingo du Fagor Professionalek. Bada, 2023an hasiko da eraikitze fasea, eta 11.000 metro karratuko azalera izango du azpiegitura berriak. Horrek, besteak beste, aukera eskainiko du kooperatibaren plantek Foodservice-aren -Oñatiko Santxolopeztegi auzoko lantegia- eta Garbigailuen -Garibai auzoko lantegia- sektoreen espezializazioan sakondu dezaten. Orotara, 16,5 milioi euro inguruko inbertsioa eskatuko du azpiegitura berriak, eta, aurreikuspenen arabera, 2024an bukatuko dira lanak.

"Etorkizuneko erronkei behar moduan heldu nahian harturiko erabakia da. Garibai auzoko plantaren kapazitatea bikoizteak eragin zuzena izango du ekoizpenean. Eta lanpostu berriak sorraraziko ditu. Hori oso berri pozgarria da Oñatirentzat, eta, oro har, Debagoien osoarentzat", azaldu du Patxi Azpiazu Echevarriak, Onnera Group-Fagor Professionaleko lehendakariak. Finean, azken urteotan, goraka doa kooperatibak garbigailuen sektorean duen eskaera, eta, horrek ekoizpena handitu beharra dakarkio.

Efizientzia, erdigunean

Iraunkortasunari loturik hartuak dituen konpromisoak oinarri, Fagor Professionalek erdigunean du jarria planta berriaren eta bertan ekoitziko diren produktuen efizientzia: ingurumenari begira, biak ala biak, beren sektorean, munduko efizienteenak lirateke. Besteak beste, punta-puntako sistemak izango dituzte energia- eta ur-kontsumoaren kudeaketarako.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak