Hezkuntzaren inguruko hausnarketak eta festa giroa uztartu ditu Debagoieneko Ikasle Egunak

Txomin Madina Milikua 2022ko urr. 15a, 21:15

Eskualdeko hainbat herritako gazteak batu ditu gaur, Ikamak antolatuta, Oñatin egin duten Debagoieneko Ikasle Egunak. Hezkuntzaren inguruko hitzaldiarekin hasi dute eguna, eta gero etorri dira bazkaria, jolasak eta musika emanaldiak.

Ikama (Ikasleria Martxan) bera herrian ikusarazteko eta modu horretara gazte gehiago erakartzeko asmoa izan du gaur Oñatiko Antixena gaztetxean egin duten Debagoieneko Ikasle Egunak. Ibarreko herri nagusietako gazteak batu ditu ekimenak.

Hogei lagun inguru batu dira goizean hezkuntzaren inguruan egin duten hitzaldian. Bertan, Jon Arrietak hezkuntza lege berriak maila ertainetan izango dituen ondorio positiboen eta ahulguneen inguruan egin du berba, baita unibertsitate publikoetarako lege berriaren inguruan ere.    

Trikipoteoaren ostean 35 lagun inguruk egin dute bat bazkarian, antolatzaileen esanetan “asko elkar ezagutzen ez zutenak”, eta horrek harremanak egiteko balio izan diela gaineratu dute. Horretarako jolasak ere egin dituzte bazkalostean. Züttik elektrotxarangak eta gaueko kontzertuek borobildu dute eguna. “Jaiak izan direla, eta gure jardun politikoari begira garrantzitsua den urriaren 12a pasa berri dutela ikusita, Ikasle Egunaren balorazio positiboa egiten dugu. Jende dezente batu da, eta askotarikoa gainera”, azaldu dute antolatzaileek. .

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak