Astelehenean itxiko dute San Miguel parrokia, sitsaren kalteak konpontzeko

Oihana Elorza Gorostiza 2022ko urr. 11a, 10:31

Oñatiko San Migel parrokia.

Parrokiako zorua, bankuak, konfesatokiak eta koruko eserlekuak tratatuko dituzte. Hilabete iraungo dute lanek eta bitartean Agustindarren elizan izango dira elizkizunak, baita hiletak ere.

Sitsa dago asko hedatuta San Miguel parrokian, eta arazo hori konpontzeko lanak egingo dituzte. Astelehenean, urriak 17, itxiko dute parrokia lan horiek egiteko eta hilabetez, azaroaren 18ra arte –biak barne–, egongo da itxita.

Pipiaren hedapena ikusteko gailua

Herrietako parrokietako erretaulen egoera zein den jakin guran dabil Gipuzkoako Foru Aldundia, eta Oñatikoa ikustera etorri zirenean konturatu ziren erretaulak badituela sitsaren arrastoak, baina are kaltetuagoak daudela elizako lurzorua, bankuak eta korua. Gauzak horrela, lanak txandaka, fasetan, egitea pentsatu dute: lehenengoan, zorua, bankuak, aitorlekuak eta koruko eserlekuak konponduko dituzte; eta bigarrenean, erretaula eta organoa. Koruan dagoen organoa ere hondatuta dago, egurrezko zatiak ere baditu, eta bere osotasunean konpontzeko asmoa du Aldundiak, "tokatzen zaionean". Gaur zortzi elkartu zen teknikari talde bat egoera aztertzeko, askotariko egur motak daude-eta eraikin barruan, eta lehen fasearekin hastea erabaki zuten. Astelehenean hasiko dira Ulma aldamioak jartzen eraikin barruan.

Parrokiako zorua da kaltetuena. Azpitik erreka pasatzen da eta elizan kalefakzioa jartzeak eragina izan du, okerrerako. Sitsa oso gustura dago umeletan eta epeletan. Zoruaz gain, eserlekuak eta unibertsitate aldeko atea dira hondatuenak. Lanak egitearekin batera, pipiaren hedapena neurtzeko gailuak ere jarriko dituzte parrokia barruan, kaltea norantz eta nolako abiaduran doan jakiteko.

Elizkizunak, Agustindarren elizan

Sitsa tratatzeko lanak egiten dituzten bitartean itxita egongo da parrokia. Elizkizunak Agustindarren elizan egingo dira denbora horretan. Baita hiletak ere. "Eliza hori ez da irisgarria eta gurpildun aulkian daudenak, esaterako, ezingo dira sartu. Udaltzaingoa ari da, bestalde, aztertzen hileta egunetan zerraldoa garraiatzen duen ibilgailua eta senideenak non utzi. Zerraldoa ere, karrotxoan sartu beharko dute, ziurrenik. Muga batzuk izango ditugu han, baina hilabeteko kontua izango da eta herritarrak ulertuko dutela uste dut", azaldu du parrokoak, Horazio Argaratek.

Gaineratu du parrokiako ordutegi bera izango dutela tarte horretan Agustindarren elizan: astelehenetik zapatura, 19:00etan eta domeka eta jai egunetan, 12:0oetan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak