Eguraldiari begira hasiko dira iluntzean datorren astelehenera bitartean ospatuko diren San Migel eta Errosarixo jaiak. Oraingoz, tokiz aldatu den hitzordu bakarra biharko, goizean zein arratsaldean, haurren parkea da; Etxaluzen ordez Zubikoako kantxa berdean muntatuko dute.
Gaur ilunkarako eta gauerako antolatuta daudenak mantendu egiten dira. Baliteke arratsaldean plazan egingo den bizikleta erakustaldia eguraldira moldatu behar izatea, bestelako trebeziak eginez bizikleta gainean sirimiria eginez gero, edo bertan behera uztea euri zaparrada handia bada, baina hori, momentuan erabakiko dute; oraingoz, aurreikusita dagoen moduan egingo dute. Berdin gertatzen da 22:30ean Eltziatik aterako den nagusien danborradarekin ere; bertan behera utziko duten edo ez parte-hartzaileek eurek erabakiko dute irteera orduan.
Eguraldi hobea astebururako
Biharko, eguena, iragarri dute euri gehien baina haur parkean ezik, apenas igarriko da gainerako ekitaldietan. Kultura teknikariak azaldu duen moduan, bandaren kontzertua plazako oholtza gainean egingo dute, aterpean. Gainerako kontzertuak ere aterpean izango dira.
Egubakoitzerako, gaztetxoendako kanpoan egin gura dituzten jolasak baldintza dezake eguraldiak. Berakatz-zopa lehiaketa bera, kontzejupean egingo da euri asko egiten badu; bost bikote aurkeztu dira. Arratsaldeko sokamuturra motza izango da, plazan eta Alhondigan ibiliko da bakarrik zezenak. Baita Errosarixo biharamun goizean ere; arratsaldekoan Kale Barrian eta Atzeko Kalen ere egingo dute lasterka.
Zapaturako, domekarako eta astelehenerako iragarpena hobea dela ikusita, antolatutako ekintzak normaltasunez egingo den esperantza dute kultura sailekoak. Aurreko asteburuan egin ziren moduan. Eguraldi iragarpena hainbaten kontsultatu ostean, azkenean, ekitaldi denak egin ziren aurreikusita zeuden moduan. Parte-hartzea handia izan zela gaineratu du kulturako batzordeburuak.
Goienak zuzenean emango du jaitsiera
Goienak zuzeneko telebista saioa egingo du gaur, eguaztena, iluntzean, Oñatitik. 19:30ean hasiko da eta zuzenean emitituko du txantxikuaren jaitsiera. Hiru herritar izango dira Garoan jarriko duen platoan aurkezlearekin batera jaien inguruan berba egiten.
Errosarixo biharamun egunean ere, urriak 3, astelehena, zuzeneko saioa egingo du. 13:30ean hasiko da eta plazako oholtza gainean muntatuko dute platoa.