Mallorcara joan da lehen aldiz txapela

Julen Iriondo M. de Zuazo 2022ko ira. 25a, 15:18

Xecok eta Miguel Adroverrek irabazi dute Oñatiko 62. Nazioarteko Artzain Txakur Txapelketa. Bi ariketetan 346 puntu batu dituzte mallorcarrek, bigarren egin duten Ximist eta Roger Jauretxek –Baigorri, Behenafarroa– baino hiru gehiago, eta podiuma osatu duten Luk eta Juan Mihurak –Eleta, Behenafarroa– baino zortzi.

Hiru bikote horiez gain, Gandal eta Juli Bayot –Castello– eta Mendi eta Jabier Zubiaurre –Mutriku, Gipuzkoa– sailkatu dira bigarren ariketarako, hamahiru parte-hartzaileen artean.

Lehen ariketaren ostean zortzi punturen barruan zeuden lehenengo bostak. 175ekin, Mendi eta Zubiaurre zihoazen aurrena, baina bigarren ariketan ez dute artealdea eskortan sartzea lortu, eta bosgarren posturaino jausi dira sailkapenean. 

Xecok eta Miguel Adroverrek, berriz, laugarren postuan eta lehenekiko bost puntuko desabantailarekin ekin diote bigarren ariketari, baina lan bikaina egin eta lehen posturaino egin dute salto.

Amaieran, pozez txoratzen zegoen artzain irabazlea: "Txapelketa hau irabaztea urte askoan izan dudan ilusioa da. Iritsi da eguna, eta oso pozik nago. Beti esan izan dut: 'Oñatiko txapelketa irabaziz gero, hiltzeko ere gertu'; orain ez nuke nahi gertatzerik, baina, egia esan, artzain ororen ilusioa da hemen irabaztea".

Txakurrak egindako lanarekin oso pozik zegoen irabazlea: "Akats bakarra egin du, 50etik gora agindu emanda, oso lan ona egin du".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak