23:15etan igo zen laukotea agertokira, ordurako zain zituzten zaleak, askotarikoak, profil eta adinari begiratuta, orokorrean, baina, emakume heldu asko publikoan. Bozgorailuetako Foo Fighters taldearen doinuei lekukoa hartuta, 2013an argitaratutako Da bildumako Gaur kantuarekin indartsu ekin zion Bilboko taldeak. Segidan etorri ziren Kuraia kantu berria eta abeslariak, teklatua lagun, eskaini zuen Atera (2019) diskoko Kea hunkigarria.
Diskotik diskora, saltoka
Bildumaz bilduma ale ezberdinak aukeratuta ordu eta laurdeneko emanaldi indartsua egin zuten, besteak beste, taldearen ikur diren Itsasoa, Elektizitatea, Enbata, Adore eta Negua joan da ta abestuta.
Kaxianoren 'Zorionak'
Oihu kantuarekin borobildu zuten kontzertuaren lehen zatia gauerdia pasata. taldekideak agertokitik jaitsi arren, ikusleak ez ziren euren tokietatik mugitu kantu gehiagoren gosez. Segituan igo ziren berriz ere, Kaxianoren Zorionak kantua lagun, eta cava botila eskuetan, taldearen 25 urteko ibilbidearen ospakizunetan murgilduz ikuslegoa. Amaiera borobila egin zuten Kukutza kantu ezagunarekin dantzan eta kantuan jarriz Foruen Plaza.
Publikoaren "harrera beroa"
Harreman polita sortu zen musikarien eta txaloekin eta kantuan laguntzen zuen publikoaren artean. Eta hala adierazi eta eskertu zuen abeslariak emanaldiaren bukaeran: "Eskerrik asko gau hotz honetan emandako berotasunagatik. Kontzertua hasteko hamar minutu falta zirela beldurrez geunden ikusle gutxi zeudelako, baina sekulako sorpresa hartu dugu segituan plaza bete egin denean eta oso eskertuta gaude jasotako harrerarekin".