San Migel txapelketari ginga falta zaio, finalak

Xabier Urtzelai 2022ko ira. 23a, 09:25

Ariztegi eta Apezetxea, atzo finalerako txartela lortu berritan. Argazkia: Aloña Mendi pilota saila.

Aloña Mendi pilota sailetik ahalegina egiten dabiltza San Migel pilota txapelketak "garai batean izandako oihartzun eta garrantzia" errekupera dezan. Atzo, eguena, iluntzean jokatu zituzten bigarren final-erdiak, eta zehaztuta geratu dira urriaren 2an jokatuko dituzten finalak. Bestalde, Herri mailako pilotako txapelketako finalerdiak gaur, egubakoitza, jokatuko dituzte (17:30)

Datorren domekan, urriak 2, jokatuko dituzte finalak, Zubikoan, eta txapelketaren ginga izango dira partiduok: "Oso pozik gaude txapelketak orain arte eman duenarekin. Lehenengo final-laurdenetan jende asko etorri zen Zubikoako harmailetara partiduak ikustera. Irail hasiera zen eta oraindik eguneroko errutinan sartu barik geunden denok ere, eta azken partiduetan sarrera apalagoa izan da. Baina badakigu normala dela. Garbi dugu finaletan Zubikoak itxura ederra izango duela, urtero jende asko etortzen da finalak ikustera.

Eta ez da gutxiagorako, Aloña Mendiko sailetik ahalegina egiten dabiltza-eta txapelketari bultzada emateko. "Babesle berria dugu –Soraluze hotela– eta pilotariek ere oso maila polita eman dute. Iaz, COVID-19aren eraginez-edo, baja asko izan genituen eta buruhausteak izan genituen txapelketa aurrera eramateko. Aurten, apenas izan dugu halakorik", adierazi du Ander Biainek.

Finalisten zerrenda

Atzo, eguena, jokatutako zituzten bigarren finalerdien ondoren, halaxe geratu dira finalak. Gazte mailan Oihan Etxeberria ( Oiartzun) eta Arkaitz Gabirondo (Gaztelu) sailkatuta zeuden finalera, eta atzo, Ugaitz Amundarainek (Tolosa) eta Jonan Peñalverrek (Tafalla) indarrak parean egon ziren partiduan 22-20 hartu zituzten mendean Eneko Gorostidi (Amezketa) eta Unax Landa (Oiartzun).

Eta, promesen kategorian –23 urtez azpikoak– Iker Egigurenek (Azpeitia) eta Ekain Lizeagak (Astigarraga) dagoeneko finalerako txartela zuten, eta atzoko norgehiagokan Oier Ariztegik (Iruñea) eta Antton Apezetxeak (Goizueta) 22-8 hartu zituzten mendean Aitor Altuna (Tolosa) eta Manex Balerdi (Antzuola).

Herriko txapelketako finalak

Sanmigeletakoa ez da, baina, pilotaren bueltan herrian egongo den txapelketa bakarra. Izan ere, Txosna Batzordeak antolatu duen Herri Mailako Txapelketa ere azken txanpara iristen dabil. Batetik, gaur, hilak 23, jokatuko dituzte –17:30ean hasita, plazako pilotalekuan– txapelketako final-aurrekoak, eta neurria ematen duten pilotariek datorren egubakoitzean izango dute, hilak 30, final handia –17:00etan, lehenago indarrak hartzeko bazkaria egingo dute Merkatu plazan–.

Txosna Batzordeak antolatutako kirol hitzordua, baina, ez da hor amaituko. Herriko pilotarien finalarekin hasiko dira arratsaldea girotzen, baina ondoren etorriko da garai bateko izarren erakustaldia. Izan ere, pilota jaialdia antolatu dute Xala, Pascual, Aitor Mendizabal eta Azanza pilotariekin. Haiek aspaldi esan zioten profesionalismoari agur, baina sasoi onean jarraitzen dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak