Jaiak bereziak izaten dira Musika Bandako kideendako. Hainbat ekitalditan parte hartzen dute; danborradan, besteak beste. Horrez gain, egun nagusietan, San Migel Egunean eta Errosarixo Egunean, kontzertuak egiten dituzte. San Migel Egunean, 12:00etan, kalejira egingo dute herriko txistulariekin batera. "Garai batean egiten ziren horrelakoak; ohitura berreskuratu nahi dugu. Uste dugu San Migel Eguna egun ona dela bi taldeek batera kalejira egiteko. Gainzako biribilketa joko dugu", azaldu du Musika Bandako zuzendari Aitor Biainek. Txistulari taldeko zuzendaria Aitor Madina da. 13:00etan, kontzertua egingo dute, plazan. Eskainiko dituzten piezak dira: A San Migel, Around the world in 80 days, Music from Gladiator , Queen in concert, Beatles Collection eta Sagarra jo!
Errosarixao Eguna
Urriaren 2an, Errosarixo Egunean, izango dute hurrengo hitzordua Musika Bandako kideek. 12:00etan, kalejira egingo dute. Ondoren, kontzertua egingo dute, plazan: Los viajes de Gullivert, Carmina Burana, Memorias de África, Free world fantasy, The phantom of the opera eta The blues brother revue izango da egitaraua. Nabarmendu behar da aurtengo jaietako kontzertuak plazan jarri duten eszenatokiaren gainean izango direla, ez udaletxeko arkupeetan. Ikusleak aulkietan eseriko dira, plazan.
Musika Bandak aldaketa handia izan du azken denboraldian. "Betiko entzuleez gain, belaunaldi gazteak ere erakarri ditugu", dio Biainek. Auzoetan eman dituzten kontzertuak arrakastatsuak izan dira eta ikusle berriak erakarri dituzte.