Nagusien danborra San Migel Egunaren bezperan egingo da, irailaren 28an, 22:30ean. Irteera ordua 22:30era aurreratzeko arrazoi nagusia izan da dantzan irtengo diren gazteak hiru kintadatakoak izango direla: 2005ekoez gain, baita orain arte aukerarik izan ez duten 2004koak eta 2003koak ere. "Denera, 220 bat gazte izango dira. Kaleak beteko dituzte eta danborrada luzatu egingo da. Beti bezala, San Migel martxa plazan jo nahi da 00:00etan... Horregatik aurreratu dugu ordua", azaldu du antolatzaile taldeko Iñaki Igartuak.
Egingo duten ibilbidea
Ibilbidea azken urteetakoa izango da: Eltziatik irtengo dira, Olarako zuzengunean euren lekuetan kokatu beharko dute, eta ondoren, Euskadi etorbidetik Txaketuara jaitsiko dira, handik Kale Zaharrera hartuko dute eta Aita Madina kaletik plazara sartuko dira; azken zatian, Atzeko kaletik igo, Naparreneko kantoian buelta eman eta Kale Barriatik plazara iritsiko dira. Han danborradako pieza guztiak joko dituzte, eta baita San Migel martxa ere; azken hori, 00:00etan.
Zuzendari berriak
Danborrada nagusiko konpainietan berritasunak daude. Kantineren zuzendaria Itziar Landeira izango da, azken urteetan moduan; baina gizonezkoetan aldaketak egongo dira: danbor-joleen zuzendaria Iñaki Arregi izango da, barril-joleena Mikel Gartzia eta sukaldariena Mikel Maiztegi. Horiez gain, dantzari taldea ere irtengo da, baita elkarte gastronomikoetako banderak eramango dituzten gazteak, eta baita zaldi gainean joango direnak ere. Oraindik zehaztu barik dute zeintzuk izango diren bi horiek; dakitena da betiko moduan ikurrina eta Oñatiko bandera eramango dutela. Bai nagusien eta baita haurren danborradan ere Oñatiko Musika Bandak jarriko du musika.