Danbor hotsak berriro ere Oñatiko kaleetara itzuliko dira. Hala ere, poztasuna ez da erabatekoa izan azken aste honetan, zeruari begira egon baitira asko eta asko; izan ere, eguraldi txarra dago igarrita eta horrek eragina izango du haurren danborradan. Antolatzaileen asmoa da zapatuan egitea danborrada; eguraldi txarra bada, azken orduan erabakiko dute zer egin.
Aurtengo ekitaldiak izango duen berritasuna da danborrada Bidaurretatik irtengo dela, eta ez, orain arte bezala, Santa Marinatik. Irtengo diren konpainiak dira: baserritarrak, txalekodunak, sukaldariak, kantinerak, barril-joleak, danbor-joleak, gastatzaileak eta zaldunak. "Gastatzaileak, adibidez, iaz irten ziren gaztetxo berak dira. Eurak aurkeztu ziren lan hori egiteko", azaldu dute antolatzaileek. Aurten, gainera, zaldi gainean irtengo direnek eta gastatzaileek zaldiak ezagutzeko aukera izan dute. Joan den astean Legazpiko zalditegian izan ziren hainbat orduz zaldiak ezagutzen.
160 ume
2013an eta 2014an jaiotako 160 bat ume irtengo dira aurtengo danborradan. Eltziako eraikinean eta Eltzia aurrealdeko aparkalekuan egin dituzte entseguak egunotan; guztiak pozik eta ilusioz daude jaietan danborradan irteteko. Beti bezala, danborrada ixteko karroza bat egingo dute. Antolatzaileek esan dute sorpresa izango dela egin duten muntaia. Hori horrela, atzealdean mozorrotutako joan nahi duten umeek gai librea izango dute aukeran.
Antolakuntza taldekoek gurasoen laguntza ere izan dute: umeek izena emateko bete beharreko galdetegian, gurasoen laguntza ere eskatu zuten. Bada, guztien artean antolatu eta aurrera ateratako danborrada izango da aurtengoa.