Eragozpenik gabe gozatu ahalko dute aurten Oñatiko haurrek jaietan eurentzat propio diseinatutako ekintzez. Foruen plazako jolaslekuan, barrakak egunero izango dituzte zabalik goiz eta arratsaldez. German Basterretxea Oñatiko Udaleko Kultura teknikariak ziurtatu duenez, bidaia bakoitzak 2 euro balioko du, eta 10 euroko bonua erosiz gero, sei bidaia egin ahalko dira. Barraken sektoreko autonomoekin adostutakoaren arabera, bi minutu eta erdiko gutxieneko iraupena izango dute paseek. Igande honetan, gainera, bidaiak erdi prezioan egin ahalko dituzte neska-mutilek. Aniztasun funtzionala duten haur eta gaztetxoak barraketan eroso senti daitezen, bihar eta Errosarixo Egunean, 17:00etatik 19:00etara, jolasguneek argi eta soinu ekipoa itzalita funtzionatuko dute.
Atsolorrean, denak batera
Iazko sanmigeletan bi taldetan bereizi ziren udaletxean ongietorria jaso zuten haur jaioberriak, baina aurten, ohi bezala, azken urtean jaiotako guztiek egingo dute bat udaletxeko batzar areto nagusian. Bihar, zapatua, 12:00etan, izango da hitzordua, eta musika eskolako kideek jarritako doinuek alaituko dute zeremonia. Aurten, 90 jaioberrik baino gehiagok hartuko dute parte atsolorrean; iazko kopurua gainditu egingo dute, beraz.
Egun berean, ordu erdi lehenago, prest izango dituzte haur eta gaztetxoek herrialde askotariko ur-jolasak eta hamaiketakoa txosnagunean.
Datorren astean, haur parkea
Hori, asteburu honetako ekintzei dagokienez. Datorren astean ilusio handiz jasotzen duten parkean bi egunez gozatzeko aukera izango dute. Puzgarriz jositako gunea irailaren 29an, eguena, eta urriaren 2an, domeka, egongo da erabilgarri, 12:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 20:00etara. Eguraldi ona egiten badu, Etxaluzen kokatuko dituzte instalazioak, eta euria eginez gero, Zubikoa kiroldegian.
Ekintza orokorrak antolatzerakoan ere presente izan dituzte haurrak; esate baterako, datorren ostiraleko bertso jaialdian edo Herri Eguneko bazkarian. Izan ere, lehen ekitaldia ikusteko dohainik sartu ahalko dira 12 urtetik beherakoak, eta bigarrenean 12 euroren truke jasoko dute haurrentzako menua.
Gaztetxoentzako ekintzak
Datorren egubakoitzean, Gaztelekuak antolatuta, Gaztetxoen Eguna ospatuko dute Olaitturrin. Ginkana zikina deitu diote ekimen nagusiari: taldekako joko horietan aurrez eman beharko da izena, gaztelekuan bertan. Hurrengo egunean, ostera, herri kiroletan parte hartu ahalko dute, Foruen plazan, 16:30ean.