Otadui zuhaiztian harrera egin, herriguneko kaleetan barrena kalejira egin, hamaiketakoak banatu plazako frontoian eta kalez kale ibili dira haur dantzariak goizean zehar Oñatin, Ane Enparantza alkate txikiaren agurraren ostean.
Ohiko formatuarekin hasi dira haurren eguna ospatzen Oñatin. Aurtengoa, baina, berezia ari da izaten, 50.ena da-eta. Egunerako propio atera dituzten zapiak jantzita egin dute dantza batzuk eta musika jo beste batzuk goizean goizetik. Plazara sartu dira talde denak eguerdian eta alkate txikiaren agurra eta Oñatz dantza taldekoen esker onak jaso ondoren, herriko kaleetan banatu dira eta dantzan ibili, bazkal ordua iritsi arte.
50.ena
1970.ean egin zuten lehendabiziko aldiz haur dantzarien eguna Oñatin, eta Oñatz dantza taldearendako mugarria izan den 50. urteurrena prestatzen hasi ziren 2019an. Pandemiak, baina, bi urteko etena ekarri du eta hala, 2020an ospatu behar zutena, aurten zelebratu dute, "dantzarako egun ezin hobean".
Prestatzen hasi zirenean ez zekiten ziur egungo egoera nolakoa izango zen, eta kanpoko dantzariei bazkaria herriko elkarteetan ematea pentsatu zuten, haurrak etxeetan banatu ordez. Eta halaxe egin dute; oñatiarrek bakoitzak bere etxean bazkaldu du eta kanpokoak herriko hamahiru elkarteetan banatuta.
Hain zuzen ere, elkarteak ere gogoan izan ditu Oñatzek gaurko eguna antolatzen laguntzen ibili direnei eskerrak ematerakoan. Eskerrak baita jantziak zaintzen eta josten dituztenei eta eguna antolatzen buru belarri ibili diren Oñatzeko kideei.
700 bat lagun guztira
Euskal Herriko hamabi dantza ari dira gaur Oñatira haurren egunean parte hartzen: Oñatz (Oñati), Jalgi (Zarautz), Berriztasuna (Portugalete), Ibai Ega (Lizarra), Akelarre (Hendaia), Txikitxu (Arrasate), Leizarra (Aretxabaleta), Elai Alai (Gernika), Lore Gazteak (Arrasate), Aurtzaka (Beasain), Korosti (Legazpi) eta Oinarin (Antzuola). 700 bat lagun, guztira. 17:15ean izango da alardea plazan eta erraldoiak eta txorimaloak ibiliko dira gero kaleetara.