Unibertsitate etorbidean hasi eta bukatu da gaur goizean jokatu den 23 urtez azpikoen Oñati txirrindularitza proba; 10:00etan abiatu dira txirrindulariak. Dena emanda aritu dira bizikleta gainean, abiadura handia hartu dute eta aurreikusita zuten baino 15 minutu lehenago heldu da lehendabizikoa helmugara.
Aragoiko Pablo Castrillo (Lizarte) izan da irabazlea. Bakarrik etorri da Aztiritik Oñatiraino. Helmugara iristeko kilometro gutxi falta zirela, Oñatiko Arregi landetxearen parean, Eulen taldeko txirrindulari bat zuen atzetik, eta zortzi laguneko taldetxoa biei segika. Eta horrelaxe heldu dira helmugara, zortziko taldekoak pixka bat banandu badira ere: Pablo Castrillo (Lizarte) 2:30:07, Unai Esparza (Grupo Eulen - Nuuk) + 00:00:24 eta Yare Dorenbos (Rabobank) + 00:00:27.
Hiru oñatiar lehiatu dira gaurko proban: Unai Cueva (Grupo Eulen-Nuuk), Aimar Erostarbe (Basque Team) eta Danel Casais (Laboral Kutxa). Cuevak bakarrik bukatu du proba. Txirrindulari asko erretiratu dira proba bukatu aurretik.
Lehendakari proba
Lehendakari torneoko azken proba izan da goizean Oñatin egin duten hau. Eta amaitu ostean erabaki da podiuma: Mulu Kinfe (Caja Rural-Alea), Xabier Berasategi (Laboral Kutxa-Fundación Euskadi) eta Ander Ganzabal (Eiser-Hirumet).