Irudi bila dabil Zai Zoi Bele musika kolektiboa

Oihana Elorza Gorostiza 2022ko ira. 19a, 20:21

Lehen Lerroa taldeko kideak Eltzian duten lokalean entseatzen astean. (Argazkia: K.I.)

Logotipoa behar du Eltzian egoitza duen herriko Zai Zoi Bele musika kolektiboak eta lehiaketa bidez egitea pentsatu du, herritarren botoekin aukeratuz irudia. Errosarixo biharamunean txosnagunean egingo den 'Dibertsioak' saioan erakutsiko dute.

Elkartearen irudia izango den logotipoa egin gura du herriko Zai Zoi Bele musika kolektiboak, eta lehiaketa bidez egitea pentsatu du. Hilaren 27ra arte egongo da aukera lanak aurkezteko, eta ikusgai jarriko dituzte gero, jendeak iritzia, botoa, eman dezan.

Irailaren 27a, aurkezteko epea

Eltzian entseatzen duten herriko musika taldeek osatzen dute Zai Zoi Bele musika taldea, eta, logorik ez dutela konturatuta, bila hasi dira. Diote edozein formatutan –JPG, PDF zein eskuz– egindako lanak onartuko dituztela. Jartzen duten baldintza bakarra da taldearen izena agertzea: Zai Zoi Bele. Gainerako elementu guztiak –tamaina, kolorea, letra tipoa, marrazkia...– erabat libreak dira.

Irailaren 27a da ideiak bidaltzeko azken eguna. Posta elektronikoz zaizoibele.logo@gmail. com helbidera bidalita edo Irizar estankoan zein administrazioan entregatu daitezke. Jasotzen dituzten proposamen guztiak lehengo Kirrin dendaren erakusleihoan jarriko dituzte ikusgai, herritarrek euren gustukoa aukeratzeko. QR kode bidez eman ahal izango da botoa. Irailaren 28tik urriaren 2ra arte egongo dira ikusgai eta egun horretan, Errosarixo domekan, Atzeko kalean iluntzean egingo den kontzertuan egingo dute sari banaketa. Hiru sari emango dituzte: 150, 100 eta 50 eurokoak.

29 musika taldek osatzen dute

Egun, 29 musika taldek osatzen dute Zai Zoi Bele kolektiboa, eta itxarote-zerrendan dago 30. taldea. Eltzian dauden hamar lokaletan egiten dituzte entseguak eta tokia eta ordutegia egokitzean sartuko da talde berria; orain arte hurbildutako talde edo norbanako guztiek izan dute tokia.

Zai Zoi Bele kolektiboko taldek entseatzen dituzten lokalak, Eltzian. (Argazkia: K.I.).

Zortzi lagunek osatzen dute bi urtean behin berritzen den zuzendaritza taldea, baina guztien artean kudeatzen dituzte entsegu lokalak eta ordutegiak. 2016ko martxoan erregistratu zuten izena, eta 122 musikari inguru daude kolektiboan. Kolektiboaren irudia lortu gura dute orain, webgunean, sare sozialetan eta bidaltzen dituzten mezuetan erabiltzeko.

Dibertsioetarako prestatzen

Herriko jai nagusien barruan, Errosarixo biharamun egunean txosnagunean egiten den Dibertsioak emanaldian ere ikusgai jarriko dute logoa. Indartsu datorren hitzordua, nonbait, hamahiru bat talde buru-belarri ari dira-eta dagoeneko kontzertu horietan joko dituzten kantuak entseatzen.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak