Dantzarik faltako ez den asteburuan, Haur Dantzarien Eguna egingo da domekan. 50.a, mugarria Oñatz dantza taldearendako. Mila dantzari baino gehiago etorri ziren lehen aldian, 1970ean, dantza tradizionalak loraldia bizi zuen sasoian. Handik sortu zen dantza taldea Oñatin, umeekin hasita.
Hamabi dantza talde etorriko dira aurten, bailarakoak tartean; 700 pertsona inguru, guztira. Etxeetan ordez, herriko hamahiru elkartetan bazkalduko dute aurten umeek, alkate txikiren agurraren eta kaleetan dantza egin ondoren. Arratsaldeko alardea 17:15ean hasiko da, plazan.
'Martin Zalakain'
Gaur, zapatua, berriz, Juan Antonio Urbeltzek sortutako Martin Zalakain ikuskizuna taularatuko dute Zubikoa kiroldegiko pilotalekuan, 19:30ean. Ordu eta erdiko ikuskizunean, Euskal Herriko zortzi dantza taldetako kideek dantzaren bidez antzeztuko dute 1908. urtean Pio Barojak idatzi zuen eleberria. Sarrerak ohiko tokietan eros daitezke aurrez.