Autlan Emd enpresako kaleratzeak salatzeko elkarretaratzea egin du LABek

Uxue Igarza Loiola 2022ko ira. 14a, 10:23

Oñatiko enpresak bi langile kaleratu dituela salatu zuten LAB sindikatuko ordezkariek atzo egindako elkarretaratzean. Kaleratzeen atzean arrazoi ekonomikoak eta antolaketakoak argudiatu ditu enpresak, langileek helarazitako kaleratze gutunean.

Hartutako erabakiak berraztertzeko –eta langileak berriz onartzeko– eskatu zioten sindikatuko ordezkariek zuzendaritzari atzo egindako elkarretaratzean. Langileen iritziz, enpresak jarritako arrazoiak ez dira "sinesgarriak": "Ordezkariok ez dugu ulertzen, ezta sinesten ere, enpresak ematen duen justifikazioa. Erabaki horrek erakusten du oso arreta gutxi jartzen dutela egunero gure onena arduraz eta profesionaltasunez ematen dugun langileengan".

Bestetik, sindikatuak salatu du langileek ez dutela inoiz zigorrik jaso ezta beraien espedientean akats edo kargu-hartzerik izan: "Langile onak dira, hainbat hamarkada daramatzate enpresa honetan lanean (...) Oso gizatasun gutxi erakutsi du zuzendaritzak; ez baitie axola zein egoera ekonomikotan uzten dituzten pertsonak eta familiak".

Bukatzeko, kaleratzeak "neurrigabekoak" direla esan dute. "Zergatik ez daude prest beste neurri batzuk negoziatzeko? Benetan uste dugu bi lankideren soldatak fabrika salbatuko duela? Non daude azken urteetako onura metatuak?", galdetu dute langileek.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak