Pandemiak eraginda, azken bi ikasturteetan ez dute Ikastetxeak Kantari egitasmorik egin, baina egingo da hasi den honetan. Herriko hiru ikastetxeetan eskainiko den aukera izango da, Ganbara faktoriaren eskutik. Ikasturtea, gainera, pandemia aurretik moduan hasiko dute. Entseguak, baina, Gabonak arte, behintzat, orain arte moduan egingo dituzte: txikiek Errekaldeko egoitzan, eta Ganbara eta Hots abesbatzek, Eltzian.
Astelehenean, irailak 12, hasiko du ikasturtea Ganbara faktoriak, Eman Like kulturari leloarekin, eta egitasmo hori da proiektuz beteta dagoen ikasturte berriaren berritasunetako bat. Egingo dituen emanaldien artean, nazioartekoak izango dira batzuk eta herrikoak beste asko; horien artean, hurbilena azaroan egingo den Gure Aita Madina izenekoa; Ganbara eta Hots abesbatzek parte hartuko dutena. Azaroan izango da hori, udazken musikalen barruan, eta Aita Madinari New York-en egin zioten omenaldiaren errekreazioa eskainiko dute. Gure Aita pieza, hiru bertsiotan abestuko dute: ahots mistoak, zuriak (ingelesez) eta larriak.
Gabonetarako ikuskizunak ere zehaztuta dituzte, baita 2023ko hainbat ere. Ganbara abesbatzak, esaterako, Ejea de los Caballeroseko 50. urteurrenean parte hartuko du datorren urtean; lehiaketa horretan irabazle izan diren hamar abesbatza gonbidatu dituzte aurtengoan lehiatzera, eta horietako bat da Ganbara. Hots-ek, berriz, jauzi egingo du nazioarteko lehiaketen plazara, Frantziako Tours-en lehiatuz.
Egingo dituen emanaldien artean dago bazkideei eskainitakoa ere; Hitzak izenekoa, aurtengoa. Kantu eskolak ere badu proiektu bat buruan: Iturriak. Kontzertu berezi bat egin asmo dute horren barruan plazako iturriaren ondoan.
Ipuin musikatu gehiago
Bestalde, ipuin musikalen bidea zabaltzen jarraitu gura du Ganbara faktoriak. Euskal musika berria sortzeko enkarguak egingo dizkie aurten ere euskal konpositoreei. Azken ikasturtean Makilakixki ipuinarekin egin duten moduan, bide hori jarraitu eta beste ipuin bat musikatzea da ikasturte berrirako duen beste helburuetako bat.
Proiektuekin batera, Ganbara faktoria laguntzeko bideak ere zabalik ditu herriko abesbatzen elkarte honek: Ganbararen laguna da bideetako bat; 15 euroko laguntza urtean eta hainbat abantaila horren truke: Gabonetako emanaldirako zozketan parte-hartzea, bazkideen kontzerturako sarrera bat edo %20ko deskontua Ganbara abesbatzaren kontratazioan edozein ekitaldi pribaturako. Bazkide izanez gero berriz, abantailak handiagoak dira eta urteko kuota, 50 euro.