Arantzazuko Amaren eguna da gaur, eta urtero moduan, jende asko elkartu da santutegian eta inguruetan, eguna ospatzeko. Izan ere, azken bi urteotako egoera gainditu eta gero, eguna normaltasunez ospatu ahal izan dute santutegira bertaratu direnek.
Izaro Elorza Oñatiko alkatea eta udalbatzako kideak Arantzazun izan dira, baita Aldundiko, Batzar Nagusietako eta Jaurlaritzako hainbat ordezkari ere; tartean izan dira Markel Olano diputatu nagusia, Gipuzkoako Batzar Nagusietako presidente Xabier Ezeizabarrena, Aintzane Oiarbide, Rafaela Romero, Eider Mendoza edota Arantxa Tapia Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapena eta Azpiegituretako Sailburua.
Hala, iaz ez zen harrera ofizialik egon, baina gaur bai. Jaurlaritzako eta Aldundiko ordezkariak heldu direnean, harrera egin diete Oñatiko alkateak eta udalbatzako kideek, eta Oñatz dantza taldeko bi dantzarik aurreskuarekin egin diete ongietorria. Jarraian, 12:00etan puntuan, meza nagusia hasi da, eta Arantzazuko eliza lepo bete da sermoia entzuteko.