Joan den zapatuan, ekitaldi berezia egin zuen Oñatiko abesbatzak Agustindarren elizan, San Agustinen omenezko meza aprobetxatuta. "Izan ere, omenduak izan ziren abesbatzako bi zuzendari ohi, Patxi Anduaga eta Imanol Murua, agustindarrak dira, eta horregatik aukeratu du Oñatiko abesbatzak San Agustinen omenezko mezaren hitzordua omenaldirako", zehaztu du Jabi Agirrek, abesbatzako kideak.
Oñatiko abesbatza 1966an sortu zen, Anduaga bera izanik lehen zuzendaria; musika albo batera utzi gabe, gaur egun organo-jolea da Agustindarretan. Imanol Muruak lau hamarkadatan hartu zuen kantu-taldeko zuzendari izateko ardura, eta Loli Ordokik berak ere jardun du zuzendari lanetan zenbait urtez. Gainera, taldeko abeslari eta solista izaten jarraitzen du, duela urte asko bezala. Mirengu Plazaolak gidatzen du abesbatza orain.
Hori horrela, hiru zuzendari ohiek merezitako aitortza jaso zuten, taldeko ohorezko bazkide bilakatu baitziren Agustindarren elizako ekitaldi solemnean.