2015eko azaroan inauguratu zuten hemezortzi ibilgailurentzako edukiera duen Oñatiko autokarabanentzako gunea; besteak beste, mahaiak, eserlekuak, iturria, komuna eta ur-zikinak uzteko tokia ditu. 2017an jaso zuen Alemaniako ADAC Elkartearen partetik nazioarteko lehen errekonozimendua, eta bost urte geroago, autokarabanen, kanpin-eremuen, gau-parkingen, kanpinen eta haiei lotutako zerbitzuen informazioa ematen duen Areas Camper atariko erabiltzaileek saritu dute San Martin auzoko espazioa.
Zehazki, 2022ko Gipuzkoako gune onena dela adierazi dute erabiltzaileek atarian bertan egindako balorazio eta iritzien ondorioz. Algortimo bidez egin du webguneak kalkulua, iritzien antzinatasuna, iritzi kopurua eta ezarritako irizpideen balorazioak aintzat hartuta. Oñatikoarekin batera, Eltziegoko gunea (Araba), Aiegiko gunea (Nafarroa) eta Elorrioko gunea (Bizkaia) saritu dituzte Hego Euskal Herrian.
Gunea, datutan
Oñatiko Udalak jakitera eman duenez, turismo bulegora hurbiltzen diren bisiten artean "asko hazi da azken bost urtean" AK gunea erabiltzen duten bisitari kopurua. Hala, 87 autokarabana zenbatu zituzten 2018an; 124 2019an; 118 2020an; eta 134 iaz. Aurten, berriz, uztailaren 31ra arte 54 autokarabanak gunea erabili izana zenbatu dute turismo bulegoan.