Txakur batek baserritik ihes egin eta izua eragin du

Amaia Txintxurreta Guridi 2022ko uzt. 29a, 10:53
Udaltzainen auto bat Ugarkalden, udaltzainak txakurraren bila zebiltzala.

Olabarrieta auzoko baserri bateko artzain txakur aleman batek ihes egin du eta Ugarkalde auzoan aurkitu dute udaltzainek goizean. Udaltzainak haren bila zebiltzala, txakur txiki bati eraso egin dio. Zauritutako txakurra albaitariarengana eraman dute eta ihes egindakoa dagoeneko etxean da.

Goizean konturatu da Olabarrieta auzoko baserri bateko jabea haren txakurra falta zela. Idoia Lazpita udaltzainburuak azaldu duenez katearekin eta lepokoarekin zeukaten lotuta artzain txakur alemana, baina lepokoa "zaharkituta" zeukan eta goizean alde eginda zegoela konturatu dira. Mendi aldera joan dira lehenengo, txakurra ardi bila joango zelakoan, baina kalerako bidea hartu duela zehaztu du udaltzainburuak.

Izan ere, udaltzainek Ugarkalden aurkitu dute txakur bat lepoko barik: "Txipa irakurri nahian berarengana hurbildu dira udaltzainak eta justu momentu horretan emakume bat zioan bere txakur txikiarekin eta txakur txiki horri eraso egin dio artzain txakur alemanak", adierazi du Lazpitak. Emakumea eta txakur txikia babestu nahian, udaltzainen kotxera sartu dituzte biak eta ondoren albaitariarengana eraman dute erasoa jasan duen txakur txikia.

Ihes eginda aurkitu dutena berriz, lasaitu eta dagoeneko bere baserrian dagoela azaldu du udaltzainburuak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak