Sarrera kontrola duen aparkalekua jarri dute Oñatin bizikleta eta patineteendako

Idoia Aranbarri Arzuaga 2022ko uzt. 29a, 09:46
Aparkalekuaren aurkezpen ekitaldian hartu zuten parte Oñatiko Udaleko ordezkariek. (Argazkia: I.A.A.)
Zubikoa kiroldegiko lur azpiko aparkalekuan zabaldu dute gunea. Itxitura du eremuak, eta kiroldegiko txartelarekin sartu ahal izango da bertara. Elektrikoak nahiz elektrikoak ez direnak utzi daitezke; dena den, gogoratu kiroldegi kanpoan nahiz herrian zehar badaudela bizikleta eta patineteak uzteko lekuak.

Sarrera kontrola duen aparkalekua jarri dute bizikleta nahiz patinete elektrikoendako Zubikoa kiroldegiko lur azpiko parkingean, eta erabilgarri dago atzotik. Elektrikoak ez direnak ere sartu daitezke bertan, baina, hala ere, gogoratu herrian zehar badaudela txirringak nahiz patineteak uzteko tokiak.

Lau aparkaleku egokitu dituzte halako ibilgailuak bertan uzteko. Xabier Igartua Oñatiko Udaleko Zerbitzu eta landa garapen saileko batzordeburuak azaldu duenez, hogei bizikleta uzteko lekua dago, eta horiez gain patineteak ere sartzen dira. Itxitura dauka, beraz, ibilgailua sartu eta ateratzeko kiroldegiko txartela erabili beharko da. Modu horretan, erregistratuta geratzen da nor sartu den eta zein ordutan.

Hamalau urtetik gorako herritar orok erabil dezake aparkalekua. Adin horretatik aurrerako kiroldegiko bazkide guztiei automatikoki aktibatu zaie txartela. Bazkide ez den, baina bizikleta edo patinetea bertan aparkatzea nahi duen orok kiroldegian eskuratu ahal izango du txartela 5,15 euroren truke.

Hamalau urtetik beherako gazteek ere erabili ahal izango dute, baina, horretarako, gurasoek baimena eskatu beharko dute kiroldegian.

Aparkaleku gehiago

Geroz eta ohikoagoa da kotxetik bizikleta edo patinete elektrikorako saltoa ematea, eta hori positibotzat jo du Xabier Igartuak. Adierazi duenez, Oñatiko Udalak faltan botatzen zuen halako ibilgailuak aparkatzeko "leku seguru bat".

Zubikoa parkingekoa izan da aurrenekoa, baina etorkizunean halako gehiago egiteko asmoa dutela nabarmendu du Igartuak. Aurreratu duenez, "Kalegoieneko lurpeko udal aparkalekuan beste gune bat egongo da erabilgarri irailetik aurrera".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak