Mariezkurrena II.aren erritmora dantzan

Eneko Azurmendi Barrena 2022ko uzt. 23a, 10:36

Binakako San Fermin Torneoko finala irabazi eta astebetera, orduko irabazleak elkarren aurka aritu dira Oñatin, Caixabank torneoaren baitan. Mariezkurrena II.a Ezkurdiarekin ari da torneo horretan eta, beste behin ere, sasoi puntu bikainean dagoela berretsi du atzelari berriozartarrak. Hark jarritako erritmora aritu behar izan dute Artolak eta Martijak (22-13).

Caixabank torneoko lehen jardunaldiko partidua jokatu zuten atzo, egubakoitza, Oñatiko Zubikoa kiroldegian, eta kolore bakarra izan zuen norgehiagokak: gorria. Izan ere, Ezkurdiak eta Mariezkurrena II.ak oso bikote sendoa osatu zuten. Berriozartarrari oso bizi ateratzen zitzaion pilota eskutik eta Martijak errebote inguruan aritu behar izan zuen lanean. Aurrean, berriz, Ezkurdiak partidu serioa jokatu zuen, huts gutxi eginez eta tantoak bukatuz.

Momentu oro aurretik egon ziren markagailuan gorriak. 5-0eko partzialarekin hasi zuten partidua, erabateko nagusitasuna erakutsiz. Gero, ordea, susperralditxoa izan zuten urdinek eta markagailuan gerturatzea lortu zuten (7-4). Hala ere, Mariezkurrena II.aren golpea Martijarena baino indartsuagoa zen, eta Artolak oso aukera gutxi izan zituen aurrean –min hartuta dagoen Laso ordezkatu zuen alegiarrak–. Partiduak aurrera egin ahala, diferentzia geroz eta nabarmenagoa zen (15-7), eta bigarren atsedenaldi luzera zortzi tantoko aldearekin iritsi ziren faboritoak (18-10). Azkenerako, markagailua zertxobait txukuntzea lortu zuten urdinek, baina merezimendu osoz irabazi zuten gorriek (22-13).

Partidu nagusiaren aurretik, beste partidu bat ere izan zen eta hor ere diferentzia handia egon zen bi bikoteen artean. Izan ere, Victorrek eta aurten debutatu berri duen Aaron Arbizuk aise menderatu zituzten Egiguren V.a eta Bikuña (18-8).

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak