Oñatiko Udal gobernuak "harriduraz eta kezkaz" jaso du EAJk Berezaorako egindako proposamena

Mireia Bikuña 2022ko uzt. 20a, 19:00

Prentsa ohar bidez aitortu du "hedabide eta etxeetara bidaliriko eskuorri bidez ezagutu" duela Berezaoko makro-azpiegituraren proposamena. Eta, gaineratu du, "arduragabea" dela tamaina horretako proposamena, "egungo testuinguruan, aparteko informaziorik barik, zabaltzea".

Oñatirako "kirol-hiri berri bat" proposatu du bertako EAJk. Futbol zelai bat, kanpoko bi igerileku, gimnasioa eta kantxa bat jasotzen ditu, besteak beste. Korriunean kokatuko litzateke, Azkoagain eta Berezao auzoen artean dagoen eremuan. Horren harira, Udal gobernuak zera azpimarratu du: "Gainera, futbol zelai berriaren kokapenaren inguruko azterketa bat da martxan. EAJren ekarpenez, aurrekontuetan sartu zuen udal gobernuak. Eta, orain, Aloña Mendirekin elkarlanean, lanketarekin dabil udala. Oraindik ez da azterketa horren emaitzarik, baina EAJk futbol zelairako lekua irmoki aukeratua omen du dagoeneko. Ez dugu azterketa eskatu izanaren zergatia ulertzen".

Bestetik, Udal gobernuak azaldu du EAJren proposamenak ez duela kontuan hartzen Aloña Mendiren eskaera. "Kirol elkarteak beharrezko ikusten du Ohorezko Mailan jokatzeko zelai batekin batera, entrenatu eta gazte zein erregional mailan jokatzeko balio lezakeen bigarren futbol zelai bat -aurkezturiko irudiak futbol zelai bat eta kantxa bat ditu barnebildurik-. Halaxe azaldu izan digute Aloña Mendiko kideek aldian aldian haiekin ditugun bileretan".

Zubikoako lanak ordaintzen

Era berean, udal gobernuak gogora ekarri du bukatu berri dela Zubikoa kiroldegiaren eraberritzea, eta, beraz, maileguaren ordainketarekin segitzen duela Oñatiko Udalak. Gauzak horrela, kezkatuta agertu da EAJren jokaerarekin: "EH Bildu udal gobernuan lehenengoz sartu zenean, 5,7 milioi euroko zorra zuen Oñatiko Udalak. Zorra 0-ra eroatea, eta, hori egin arte, Zubikoa kiroldegiaren eraberritzeari ez ekitea erabaki genuen. Aho bateko onarpena izan zuen proiektuak. Kezkagarria da Zubikoa moduko exijentzia handiko azpiegitura bat inauguratu berritan, Berezaokoa moduko makro-azpiegitura bat proposatzea". Bide batez, ekonomikoki egonkor mantentzearen garrantzia azpimarratu du, batez ere, ohikoak ez diren egoerei men eginez, "Covid-19aren kasuan berretsi den moduan". "Egoera ekonomiko egonkorrari eta zentzuz kudeatzeko gaitasunari esker egin ahal izan ditugu egindako guztiak", argitu du.

Proposamen ez-errealista

Azkenik, Udal gobernuaren iritziz, EAJk Berezaorako aurkezturiko makro-azpiegituraren proposamena "ez da errealista", eta, horregatik ere, "kezka" agertu du. "Errealista ez den zerbait, irudi soil bat erabiliz, errealista moduan aurkeztu die EAJk herritarrei", diote prentsa-ohar bidez. Eta aitortu du hark ere hedabide eta etxeetan banaturiko eskuorri bidez ezagutu duela proposamena. Bide batez, EAJri "gogorarazi dio" badaudela bide zuzenagoak proposamenak egiteko, "are gehiago, Berezaokoa moduko makro-azpiegitura proposamenak aurkeztu gura direnean".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak