Proposatzen dituen futbol zelai berriaren eta kanpoko igerilekuen ideia erakutsi du EAJk

Oihana Elorza Gorostiza 2022ko uzt. 18a, 09:00

Kirol instalazioen EAJ-ren proiektu proposamena (Argazkia: EAJ).

Oñatirako "kirol-hiri berri bat" proposatu du bertako EAJk. Bi futbol zelai, kanpoko bi igerileku, gimnasioa eta bi kantxa jasotzen ditu, besteak beste. Korriunean kokatuko litzateke, Azkoagain eta Berezao auzoen artean dagoen eremuan.

Futbol zelai berria eta kanpoko igerilekuak dira EAJk Oñatirako proposatu duen "kirol-hiriaren" erronka nagusiak. Talde jeltzalearen "eskaera historikoak" diren bi gai horien irtenbidea litzateke proiektu hau.

EAJren esanetan, "Oñatiko Aloña Mendi klubak hamarkada bat baino gehiago darama Azkoagaingo zelaiaren egungo egoera deitoragarria konpontzeko eskatzen" eta egoera osotasunean aztertzeko eskaera egin du "behin baino gehiagotan" alderdi jeltzaleak, "EH Bilduren gobernu taldeak emandako konponbideen ondoren, adabaki bat bestearen atzetik". Kirol instalazioen proposamen honek jasotzen dituen zerbitzuak ere azaldu ditu alderdi jeltzaleak prentsa oharrean: bi futbol zelai, "Aloña Mendik jokatu eta entrenatu ahal izateko", eta "elkartearen parean" dauden ekipamenduak: aldagelak, bainugelak, gimnasioa, bizikletentzako aparkalekua, patineteak eta hainbat ibilgailu, hiri-buserako geltoki bat…

Kanpoko igerilekuak eta espazio berdeak

Kanpoko igerileku irekiak eraikitzea ere proposatu du EAJk: "Gaur egun, oñatiarrek igerileku estaliak eta Usako baino ez dituzte eguzkiak estutzen dituen hilabeteetarako. Adin guztietarako egokiak diren igerileku horiek jasangarriak eta ekologikoak izango lirateke: ura behar bezala erabiliko litzateke, produktu kimikoak erabiltzea saihestuko litzateke eta prozesu naturalagoak erabiliko lirateke ura garbi edukitzeko. Halaber, igerilekuak berdegunez inguratuta egongo lirateke, eta berdegune horiek paisaian integratuko lirateke, itzalgune naturalak sortuz". Igerileku horiek Usakoren "alternatiba" ere izango direla diote jeltzaleek oharrean, "azken honen izaera naturala nolabait berreskuratuz eta zainduz".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak