Gipuzkoako eta Arabako partzuergoak GOIENAri jakinarazi dio aurten Saninazioak ospatuko dituztela Urbiako zelaian. Izan ere, San Inazio festa antolatzearen ardura partzuergoarena izan da beti. Horretaz gain, fonda lehenbailehen zabaltzeko interesa ere badutela gaineratu dute. "Lanean dihardugu, ahalik eta azkarren Urbiako fonda berriro zabaltzea nahi dugulako. Gainera, aurten, San Inazio egunerako egitaraua prestatzen ere badihardugu, eta hilaren 21ean egingo dugu bilera, zer egin eta nola erabakitzeko", azaldu du Gipuzkoako eta Arabako partzuergoko teknikari Maria Eugenia Amenabarrek.
50 interesatu fonda kudeatzeko
Partzuergoak adierazi duenaren arabera, 50 lagunek erakutsi dute, hasiera batean, fonda kudeatzeko interesa. Dena den, errealitatea oso bestelakoa izan dela dio orain artean fonda kudeatu duen Aritz Altubek: "50 horietatik hamar batek soilik erakutsi dute benetako interesa. Gehienak Urbiara ere ez dira etorri eta telefono bidezko hartu-emana izan da. Batzuei bi gauza azaldu orduko, ikusi dute ez dela benetan uste zutena; eta egia da ez gaituztela mareatu eta ezezkoa garbi zutenek berehala esan digutela. Beste batzuk, hamar bat, etorri egin dira, benetan zer den bertatik bertara ikusteko".
Era berean, Altubek aitortu du orain dela sasoirik onena fondari jarraipena emateko eta berriro zabaltzeko. "Zerbitzua martxan jartzeko lehen interesatuak erabiltzaileak, partzuergoa eta gu gara. Urbiara etortzeko inoizko biderik onena dago, gainera. 24 urtean ez dugu bidea horrela ezagutu, pentsa! Interesa dutenei esaten diegu orain dela momentua. Uztailean saninazioak, esaterako, aprobetxatzea komeni da fonda bizirik dagoela ikustarazteko. Esperantza badugu, egia esan".
Meza domekero
Uztaileko eta abuztuko domeketan Urbiako baselizan meza esango du Ramon Azkue kapilauak, 11:30ean hasita. Hainbat herritarrek eta Urbiako artzainek eskatuta erabaki dutela meza esatea azaldu du Joxe Mari Arregi frantziskotarrak: "San Inazio domekan da aurten, eta izango da meza; ez, aldiz, Santiago egunean, uztailak 25, astelehena, eta Andra Mari egunean, abuztuak 15, astelehena". Hala, Ramon Azkuek esango du meza. Azkuek 2015ean hartu zion Joseba Etxeberriari erreleboa. Etxeberria orain gutxi zendu da, 90 urterekin.