Aurreko urteetan ere udako opor egunetan egin izan ditu Oñargik sare elektrikoaren mantentze lanak eta aurten ere horrela izango da, argi etenak ahalik eta eragin txikiena sortzeko.
Erdi tentsioko sarean egingo ditu mantentze lanak eta horiek egiteko argia kenduko dute, herri osoan. Bihar, abuztuak 10, arratsaldean izango da hori. 15:00etatik 19:00etara bitartean ez da argirik egongo Oñati osoan. Aurrez abisatu gabe emango du argia Oñargik, lanak bukatzean, eta mozketak iraungo duen tarte horretan aparatu elektronikoak deskonektatzea gomendatu du.
Kiroldegia, itxita
Argi mozketagatik, Zubikoa kiroldegia itxita egongo da 15:00etatik aurrera. Erabiltzaileak 14:30ak arte egon ahal izango dira instalazioetan.