Hainbat sarirekin eta "oso pozik" itzuli da Ganbara Provenzatik

Jon Irizar Aranguren 2022ko uzt. 11a, 11:17

(Argazkia: Ganbara Abesbatza)

Egubakoitzetik domekara Provenzako nazioarteko abesbatzen lehiaketan izan da Ganbara Abesbatza. Lau kategoriatan hartu dute parte, eta bitan izan dira sarituak; bigarren eta hirugarren postu bana lortu dituzte koru misto kategorian eta ahots taldean, hurrenez hurren. Puntuetatik harago, esperientzia aberasgarri batekin datoz bueltan: "Bost egun trinko izan dira, baina merezi izan du".

"Oso pozik gaude Provenzan egindako lanarekin". Hala adierazi dio Goienari Aitor Biain Bidarte Ganbara Abesbatzako zuzendariak. Eguenean egin zuten Okztaniako Bandol herrixkara bidaia, autobusez; astelehen arratsaldean helduko dira Oñatira. "Bost egun trinko" izan direla adierazi du Biainek, hiru egunetan txapelketak zituen sei kategorietatik lautan abestu baitute oñatiarrek. Hala ere, egindako esfortzuak "merezi izan du" zuzendariaren hitzetan.

Hiru kontinentetako 36 abesbatza aritu dira nor baino nor gehiago; europarrak ziren lehiakide gehienak, baina baziren Indonesiako, Estatu Batuetako zein Arabiar Emirerri Batuetako koruak ere. "Maila altuko lehiaketa izan da" Biainen hitzetan, "puntuazio altuak" egon baitira, baita "interpretazioen musika kalitate ezin hobea" ere. Epaimahaiaren balorazioa ere azpimarratu nahi izan du oñatiarrak.

Hainbat sari

Koru misto kategorian, ahots taldean, eta sakro zein folklore modalitateetan hartu dute parte Ganbarako kideek. Bigarren izan ziren lehenean, hirugarren bigarrenean, eta laugarren postuekin konformatu behar izan zuten azken bietan. Bi sari, beraz, parte hartu duten lau kategorietan.

Kantutik harago

Asteburu luzea, baina, lehia eta puntuetatik harago joan da. Izan ere, "izugarrizko beroa" izan duten arren, hondartzaz eta bertako gastronomiaz "gozatzeko" aukera izan dute. Eta talde giroa sendotzeko zein etorkizunera begira indarrak batzeko ere baliagarria izan da Provenzako esperientzia: "Taldea oso pozik eta motibatuta dator etorkizuneko proiektuei aurre egiteko: hamabostaldia, Bermeoko musika zikloa...". 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak