Ertzaintzak baieztatu duen moduan, 1.200 gazta eta dirua –600 euro– lapurtu dituzte Olabarrieta auzoko Aldai baserriko gaztandegitik. "Ez ohiko" lapurreta, Ertzaintzaren esanetan: "aktibitate horren jakitun izango ziren eta ingurua ere ezagutuko zuten". Lapurtutako gaztak, ziurrenik, Euskal Herritik kanpoko merkatu txikietan salduko dituztela adierazi du Ertzaintzak eta gaineratu gertaera ikertzen ari direla.
Hiru salaketa ekainaren hasieratik
Zapatuko honekin batera, ekainaren 1etik, Oñatin egindako hiru lapurreten salaketak jaso dituzte Ertzaintzan: kaleko Eroskin egindakoa ekainaren 6an eta ekainaren 12an Goiena tabernan egindakoa –bi pertsona atxilotu zituzten– dira beste biak.
Udaltzainburuak, bestalde, baieztatu du udaltzaingoan ere ez dutela salaketarik jaso azken egunetan.