Lau alditan parte hartu du Aitor Mimenza elorriarrak Torreauzo eta Olate arteko 7,6 kilometroko itzulian, eta lauretan lortu du irabaztea. Gaurkoan, 23 eta 16 segundotan iritsi da helmugara. Hasieratik aurreratu da lasterketan, Unai Ibarrak gertutik jarraitu dio baina minutu erdiko tartea atera dio azkenean.
Minutu pasatxora heldu dira Eric Martin eta Mikel Ruiz Antxintxikako lasterkariak. Elkarren arteko pikea egin baino, nahiago izan dute eskutik helduta zeharkatu helmuga. Sergio Garcia izan da hirugarren oñatiarra.
Emakumezkotan, azken orduan izena emandako aretxabaletar bat izan da bizkorrena, Ainara Urrutia, hain zuzen. Mendi lasterketetan dabil orain burubelarri, baina Torreauzon 2019an probatutako zapore goxoa berriz dastatu nahi izan du, eta oraingoan ez du parekorik izan; helmugara 28 minutu eta 11 segundoko denbora eginez iritsi da.
Idoia Nogales debarra, Irati Larrañaga usurbildarra eta Izaskun Arriaga gasteiztarraren ostean, herritar bati egin diote txalo azken txanpan, Olatz Korkostegiri, hain zuzen. 33 minutu eta 7 segundo behar izan ditu joan-etorria burutzeko.
Denentzako tokia
Korrikalariek bakarrik ez, handbikeko paratriatletek eta aniztasun funtzionaldun bost haurrek ere izan dute lasterketan parte hartzeko aukera. Joseba Azkarate oñatiarra iritsi da handbike-arekin lehenengo. Gainera, hanka bat galdu zuen Josu Egañak makuluekin burutu du ibilbidea.
Pozik parte hartzearekin
Abixaran taldeko antolatzaileak pozarren azaldu dira sari banaketaren aurretik. Izan ere, 2019an 183k eman zuten izena, ordura arteko kopuru handiena; ba, pandemiaren bi urteko etenaldiak utzitako ziurgabetasunak kolpetik uxatu dituzte, aurten 243 animatu baitira guztira. Gainera, azken aldian emakumeen parte hartzea %30ekoa izan bazen, aurten %40koa izan da. Arrakasta itzela, beraz.
Oñatiar eta debagoiendar ugari batu dira errepide izkinan lasterkariei animoak emateko, eta eguraldi lainotsuak baldintza egokietan utzi die atletei euren lana egiten.