Udan jarriko dute belar berria Azkoagainen

Oihana Elorza Gorostiza 2022ko uzt. 3a, 10:59

Oñatiko Azkoagain futbol zelaia.

Belar artifizial berria jarri, zelai azpian dagoen drainatze arazoa konpondu, horma indartu eta sarea aldatuko dituzte Azkoagainen, eta datorren astean hasiko dira lan horiek egiten. Abuztua bukatu orduko amaitzea da aurreikuspena.

Azkoagaingo lanak datorren astean, uztailaren 7an, hastea da Udalaren asmoa. Hilaren bukaerarako belar artifiziala iristea espero dute, eta, ordurako, proiektuan jasota dauden drainatze sistemako hobekuntzak eta zelaiaren egonkortzea amaituta egotea aurreikusten dute.

Abuztuaren 28rako

Opsa enpresak egingo ditu Azkoagaingo lanak. 2008an belar naturalagatik jarritako belar artifiziala kendu eta berria jarriko dute, batetik, baina beste lan batzuk ere egingo dituzte: zelai azpian dagoen drainatze arazoa konpondu, kaltetuta dagoen horma indartu, sarea aldatu eta poste batzuk berritu. Lanak bi lotetan berezitu zituzten, belar artifizial berria jartzea, batetik, eta aurreko gainerako lanak, bestetik, baina enpresa berak lortu ditu esleipen biak, eta hark egingo du obra osoa. Udal ordezkariek gogoratu dutenez, Azkoagain eraberritzeko lanentzat 460.000 euroko partida dute gordeta 2022ko aurrekontuetan eta udan egingo dituzten obra hauen aurrekontua da 454.597,40 eurokoa. Abuztuaren 28rako lanak amaituta izatea aurreikusten dute.

Denboraldi berrian

Irailaren 11n hasiko du Aloña Mendik 2022-2023ko ikasturteko liga. Azkoagaingo obrak udan egin eta denboraldi hasierarako bukatuta egotea espero duten arren, "zuhurtziagatik", Aloña Mendi elkarteko futbol sailak Gipuzkoako Futbol Federazioari eskatu dio ligako lehen bizpahiru partiduak aurkariaren etxean jokatzeko. Denboraldi aurreko prestaketa lanak, bestalde, Larrañako futbol zelaian eta ondoko herrietako zelaietan egitea da euren aurreikuspena.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak