Basoko soinuak entzungai bihar Berezao auzoan

Amaia Txintxurreta Guridi 2022ko eka. 30a, 09:41

Asentzion eskaini zuten iaz udako kontzertua bi abesbatzek; argazkian, Hots abesbatza bertan kantuan.

Hots eta Ganbara abesbatzek Basoaren hotsa izeneko kontzertua emango dute bihar, egubakoitza, Berezao auzoko Santa Lutzia ermita ondoko zuhaiztian, 22:00etan. Goiena telebistan eta Goiena.eus-en zuzenean jarraitu ahalko da. Kalean 2022 udako kultura egitarauaren barruan izango da hori eta eguaztenean Frontona antzezlana izango da frontoian.

Kalean 2022 egitarauaren barruan ohikoa den moduan, aurten ere Hots eta Ganbara abesbatzek euren ohiko agertokietatik kanpo eskainiko dute ikuskizun bat. Aurtengoa Santa Lutziako zuhaiztian izango da bihar, egubakoitza, 22:00etan, eta bi abesbatzetako zuzendari Aitor Biainek adierazi du eurendako saio "berezia" izaten dela honako hau: "Gure udako kontzertua izaten da, berezia, gainera; batez ere, gure ohiko aretoetatik edota elizetatik ateratzen gaituelako eta kanpoan, aire librean, abesten dugulako. Urtero leku berezi bat aukeratzen dugu eta horra eramaten dugu gure musika; aurten, Santa Lutzian izango gara".

Natura protagonista

Basoaren hotsa izena darama kontzertuak. "Oraingoan, baso baten barruan zer entzuten den kontatu gura dugu, eta herritarrak basoko soinuak entzutera gonbidatu nahi ditugu. Gainera, publikoan izango diren aulkien artean bozgorailuak ere izango ditugu eta horietatik basoko hotsak entzungo dira; txorien kantuak, esaterako", adierazi du Biainek.

Lehenengoak abesten Hots abesbatzakoak izango dira, eta abesti guztiek izango dute lotura naturarekin. "Ura, sua, airea eta lur elementuen kantak interpretatuko ditugu, baita lainoei, tximeletei edo lore dantzei buruzkoak ere", azaldu du Biainek. Ondoren, Ganbarakoen txanda izango da; haiek ere abestuko dituzte naturarekin zerikusia duten kantuak eta aprobetxat ko dute baita ere datorren asteburuan Frantzian lehiatuko diren lehiaketan interpretatuko dituzten kantu batzuk egiteko. Izan ere, Proventzako nazioarteko lehiaketan hartuko dute parte, Bandol herrian –Marseilla eta Toulon artean dagoen kostako hirian–. Azkenik, gaurko saioan, bi abesbatzek batera ere abestuko dute. Guztira, 80 minutu inguru iraungo du eta kontzertura joateko ez da sarrerarik eskuratu beharko.

Goienan zuzenean

Abao komunikazio agentziako lantaldea izango da zuzenekoa jasotzen eta Goiena telebistak eta Goiena.eus-ek zuzenean eskainiko dute kontzertua bihar, egubakoitza, 22:00etan.

'Frontona' antzezlana

Kalean 2022-ren baitan, eguaztenean, 19:00etan, Frontona antzerkia egingo du Arteola taldeak plazako frontoian. Josu Artutxa, Andoni Egaña, Iñigo Otaegi, Anne Maiza, Unai Ormaetxea eta Janire San Sebastian dira bertako kideak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak