Aloña Mendiko bulegoetan egin du egubakoitz iluntzean 2021-2022 denboraldiko urteko ohiko batzarra Aloña Mendiko futbol sailak. Kirol balantzea, balantze ekonomikoa –biak aho batez onartuak– eta hurrengo denboraldi hasierako berri eman dute bertan, besteak beste.
Kirol errepasoa eginez, taldez talde, ekipo bakoitzaren ibilbidearen aipamena egin du Jabi Agirrek. Gainerako aipamenen artean jakinarazi du Haritz Azurmendi eta Jokin Madina Eibar taldeko diziplinara pasatuko direla, bata, tekniko lanetara, eta beste jokalari gisa. Balantze ekonomikoa egiteko Urtzi Legorburuk hartu du hitza eta datu garrantzitsuenen azalpena egin; nabarmentzekoa denboraldia 7.384,91 euroko irabaziekin amaitzea. Denboraldiko diru-sarrerak 218.757,52 eurokoak –Azkoagaineko taberna (30.482 €), bazkideen ekarpena (16.066 €), Realaren ekarpena (29.300 €) eta, bereziki, jokalarien gurasoek egindakoa (89.256 €), aipatzekoen artean– izan dira, denak beharrezkoak. Gastuak, 211.372,61 eurokoak –entrenatzaileon diru-sariak (47.562 €), jokalarion mutualitatea (15.264 €), bidaiak (22.732 €) eta, kirol materiala (35.644 €) aipatzekoak–.
Datorren urteari begira
Irailaren 11n hasiko den denboraldiari berrira, urteko batzarrean aurreratu eta onartu dute dute 2022/2023 denboraldian bazkideen kuota pandemiaren aurreko kopuruetara hurbilduko direla, kopuru zehatza finkatu gabe duten arren.
Erregionalen Ohorezko mailako taldea zuzentzeko ardura Gari Nuñezi eman gura diotela ere baieztatu dute urteko batzarrean, eta onartu zailtasunak dituztela talde teknikoa bere osotasunean osatzeko. 1. Erregional mailan ere antzerako arazoa dute, ez ordea gainerakoetan. Aipatu dute, hala ere, emakumezkoen senior taldean Arizmendi eta Aloña Mendiren artean talde bakarra osatu ahal izango dela, eta ez bi azken urte hauetan egin izan duten moduan, jokalari kopuru txikiagatik.

Azkoagaineko obren inguruan, udan egin eta denboraldi hasierarako bukatuta egotea espero duten arren, "zuhurtziagatik", Gipuzkoako Futbol Federazioan eskatuko diote ligako lehen bizpahiru partiduak aurkariaren etxean jokatutzea. Denboraldi aurreko prestaketa lanak, bestalde, Larrañako futbol zelaian eta inguruko herrietako zelaietan egingo direla aurreikusten dute.
Taldez taldeko errepasoarekin batera, bestalde, futbol eskola ere aipatu dute batzarrean. Joseba Larrearen gidaritzapean, eta Jon Anduaga, Joseba Anduaga, Tiago Santana, Oier Aldekoa, Enaitz Sagasta, Jon Ugarte, Beñat Madina eta Roberto Hernandezen laguntzarekin urtean zehar, astelehenero, jolasean eta ikasten aritu dira 150 bat neska-mutil Azkoagainen eta Larrañan. "Horretan ere, harrobi sendoa dugula nabarmendu behar dugu".
Azkenik, Aste Santuan egindako futbol campusaren esperientzia arrakastatsua izan dela ere aipatu dute.
Sari banaketa
Batzarraren ostean afaria izan zuten Aloña Mendiko futbol saileko kideek eta afal ostean egin zituzten denboraldiko kirol aipameak eta sari banaketa. Talde argazkia atera zuten saritu guztiek.
