Hiruko saskibaloi txapelketa egingo da zapatuan Olakuan

Oihana Elorza Gorostiza 2022ko eka. 22a, 19:34
Hiru gaztetxo saskibaloian jolasten Olakuako kirol gunean.

Saskibaloi-zalea den herritar baten ideiari kasu eginda, helduendako zein gaztetxoendako hiruko txapelketa (3x3) antolatu dute zapaturako. Ekainaren 25ean izango da, goizez, Olakuako kirolgunean.

Arrasaten, Aretxabaletan eta Bergaran antolatu izan dituzte hiruko saskibaloi txapelketak. Eta Oñatin ere egongo da aurten. Hain zuzen, ekainaren 25ean izango da, goizean, Olakua auzoko kirolgunean.

Saskibaloi-zaleak

Saskibaloi-zale amorratua den Jorge Salinasi bururatu zitzaion antolatzea. Kirol hori gustuko duten beste herritar batzuekin ideia komentatu, hizketan hasi, eta horrela antolatu dute hileko azken zapatuan jokatuko den hiruko saskibaloiko txapelketa, Aloña Mendikoen laguntzarekin. "Gabonetan urte askotan jokatu da saskibaloi txapelketa. Azken bi urteetan ez, pandemiagatik, eta ideia hau askoren gustukoa izan da, jendea lagun artean jokatzeko gogoz dago eta", diote Salinasekin batera txapelketa antolatzen aritu diren taldeko ordezkariek. Helduen eta gaztetxoen txapelketa mistoa izango da eta goizez jokatuko da.

Helduak eta gaztetxoak

Kategoria bakoitzean hamabi talde lehiatzea da antolatzaileen nahia. Helduenean bete dute kopurua: hamabi taldek emanda dute izena dagoeneko. Gatetxoen taldeak gutxiago dira, oraingoz, eta antolatzaileek deialdi berezia egin gura dute, gaztetxoak parte hartzera animatuz. 10 eta 15 urte artekoak sartzen dira kategoria horretan. "Olakuako kirolgunean dauden lau saskiek erregelamenduzko neurriak dituzte eta gazteagoek zaila dute, altueragatik, baloia saskiratzea". Izena emateko, telefono zenbaki honetara deitu edo bidali behar da mezua: 688 78 57 54. Hemen sartuta bestela. Bestalde, Instagram bidez jarraitu ahal dira txapelketaren inguruko xehetasunak: @3x3olakua.

Hiruko saskiratze lehiaketa

Txapelketa 09:00etatik 14:00etara bitartean jokatuko dute. Hamar minutuko partiduak izango dira eta parte-hartzaileen artean banatuko dituzte epaile lanak. Taldeetako faseak jokatuko dituzte lehenengo, final laurdenak gero, eta final aurrekoak eta finalak azkenik. Izena eman duten taldeetan badira Aloña Mendiko saskibaloi jokalari batzuk eta izandako beste batzuk, eta horiek, esaterako, epaituko dituzte finalak. Kategoria bakoitzerako bi sari egongo dira, bi talde onenentzat.

Hiruko saskiratze lehiaketa ere egongo da, gainera, txapelketa honen barruan. Atsedenaldi batean egingo dute hori, eta nahi duen taldekide orok parte hartu ahal izango du.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak