Hasi dituzte 'Beita' websaila egiteko lehenengo grabazioak

Amaia Txintxurreta Guridi 2022ko eka. 17a, 10:10

Beita websaileko zortzi parte-hartzaile oñatiarrak. (Argazkia: Oier Yaniz).

Diru-bilketa kanpainan jasotako babesari esker, atzo, eguena, hasi ziren grabazioetan Xup! antzerki taldekoak.

Oñatiko Xup! antzerki taldeak Beita izeneko antzezlana aurkeztu zuen iaz, eta orain, oholtzatik pantailara eramango dute proiektua, websaila grabatzen hasi dira eta. Hori aurrera eraman ahal izateko, crowdfunding kanpaina jarri zuten martxan eta zehaztu zuten gutxieneko kopurua baino gehiago jasotzea ere lortu zuten: 7.000 euro.

Zortzi gazte oñatiarren proiektua da; hauek osatzen dute: Izar Mendiolak, Malen Perez de Are- nazak, Sara Arregik, Ander Murillok, Aitor Gomezek, Paula Polok, Danel Teranek eta Maddi Altolagirrek. Behin proiektua garatzeko babesa jasota, askotariko aurreprodukzio lanak egiten ibili dira orain artean; kanpoko eta barruko lokalizazioak bilatu, arropak zehaztu, attrezzoa finkatu, makillajeak nolakoak izango diren pentsatu...

Orain, grabazioak

Atzo, eguena, hasi zituzten grabazioak eta astebetez jardungo dute ekainean. Uztailean beste astebetez egingo dituzte grabaketak. Barruko hainbat lokalizaziotan grabatzeaz gain, kanpokoak bailarako hainbat herritan egingo dituzte; Oñatin bertan, Elgetan eta Aretxabaletan. Taldekideekin batera izango dira beste hainbat profesional gazte lanean, baina protagonistendako lehenengo grabazioak izango dira. "Gogoz gaude, gutako inork ez du aurrez horrelako errodaje batean parte hartu eta ilusio handiarekin gaude", adierazi du Sara Arregi taldekideak.

Hilaren 21ean, Gasteizko Oihanederren aurkeztuko dute teasser-a eta poliki-poliki crowdfunding-ean parte hartu zuten guztiei dagozkien opariak banatzen ere hasiko dira.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak