Ganbara Abesbatzakoek lehen aldiz grabatu dute pantaila handirako

Amaia Txintxurreta Guridi 2022ko eka. 16a, 09:41

Abesbatzako kideak, musika konpositoreak eta teknikariak, grabazioak egin dituzten Donostiako Elkar estudioan. (Argazkia: Ganbara Abesbatza).

Paul Urkijoren Irati pelikularen soinu-bandako ahotsak grabatu dituzte Ganbara Abesbatzakoek. Asteburuan egin dituzte grabazioak, Donostiako Elkar estudioan, eta ordu bat eta hogei minutu iraungo duen filmari 25 minutuz jarri diote ahotsa.

Iazko abenduan jaso zuen Oñatiko Ganbara Abesbatzak Paul Urkijo zinema zuzendari gasteiztarraren Irati filmeko soinu-bandari ahotsa jartzeko proposamena. Musika konpositoreak Maite Arroitajauregi eta Aranzazu Calleja dira, hain justu ere, Akelarre filmaren jatorrizko musika onenaren Goya saria irabazi zutenak, eta Ganbara Abesbatzako zuzendari Aitor Biainek ilusio handiz jaso zuen proiektu berrirako proposamena: "Arroitajauregik deitu zidan esanaz Irati filmean guk abestea nahi zutela; gure abesbatza eta gure soinua gustatzen zitzaiola eta gogoa zuela jende gaztearekin lan egiteko".

Grabazioa, Elkar estudioan

Aurreko zapatuan egin zituzten grabazioak, Donostiako Elkar estudioan. 09:30etik 17:00ak bitartean, abesbatzako kide guztiak izan ziren kantuan, eta 17:00etatik 20:30era bitartean emakumezkoak bakarrik. Ordu bat eta hogei minutu iraungo duen pelikulari 25 minutuz jarri diote ahotsa Ganbarakoek: "Hasieran ez zeukan dimentsioa hartu du, azkenean, gure parte-hartzeak. Oso interesgarria izan da; musika etnikoa, Erdi Aroko musika grabatu dugu... Oso fantastikoa baita ere. Soinu-efektuak ere egin ditugu kontsonanteekin". 

Bi partitura berri ere jaso zituzten egunean bertan, eta, hara joan aurretik, hiru entsegu egin zituzten soinu bandarako obrak prestatzeko. "Pelikularen momentu batean gudu edo bataila bat dago eta horrek irauten duen bitartean obra beraren zortzi ahots kapa grabatu genituen, adibidez. Hori guztia muntatuta, potentzial oso handia hartuko du", gaineratu du Biainek.

Grabazio momentua ere berezia izan zela dio: "Ahotsak grabatzen genituen bitartean nik pantailan pelikulako irudiak ere ikusten nituen, eta nola geldituko den ideia egiteko oso magikoa izan zen".

Esperientzia positiboa

Abeslariendako ere esperientzia "oso aberatsa" izan dela adierazi du Biainek: "Teknikariek esan ziguten oso jarrera onarekin egon ginela eta ematen zuela gure eguneroko lana zela. Esperientzia desberdina izan da".

Arrikrutz kobak iruditan

Oñatiren presentzia beste modu batean ere izango du filmak. Izan ere, iazko azaroan, Arrikrutz kobetan izan ziren grabatzen. 30-40 profesionalek hartu zuten parte grabazioetan eta aktoreen artean daude, besteak beste, Itziar Ituño, Eneko Sagardoy, Ramon Agirre eta Kepa Errasti.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak