Aurten ere ez da San Juan surik egingo plazan

Oihana Elorza Gorostiza 2022ko eka. 15a, 17:19

San Juan sua plazan.

Udalak deialdia egina zuen ekitaldia antolatzeko boluntarioak bilatzeko, baina inork ez du interesik agertu eta ez da San Juan surik egingo. Arantzazun bai egingo dute.

2018. urtean egin zen azkenengoz San Juan sua Oñatiko plazan. 2019an Corpus ospakizuna San Juan egunean tokatu zen eta ezinezkoa izan zitzaien bezperan txondorra egitea plazan. Dantzariek ere zaila zuten parte-hartzea, Corpus dantzetako agerraldiak zituztelako. Gero pandemia etorri zen eta hori izan da 2020an eta 2021ean ez egitearen arrazoia.

Aurten Udalak deialdia egin du ekitaldi hori antolatzeko arduradunak bilatzeko, baliabideak Udalak jarrita. Ekainaren 10a aurretik eman behar zuten izena interesatuek baina inor ez da aurkeztu eta ez da San Juan surik egingo plazan.

Oñatzeko dantzariek beti hartu dute parte San Juan suko ekitaldian. Zita berezia izaten zen, gainera, eurendako. Nagusien taldera pasatzen ziren dantzari gazteen lehen plaza izan ohi zen hori. Aurten ere hori egin asmo zuten eta hasita zeuden entseguekin. 

Arantzazun bai

Arantzazun, baina, badute egiteko asmoa; auzo etxearen eta auzo batzordearen artean Arantzazun San Juanak ospatzea erabaki dute. Auzo afaria, san juan sua eta lore sorten bedeinkapena egingo dituzte, besteak beste. Hauxe da egitaraua:

  • Ekainak 23, eguena:
    • 20:30ean, afaria auzo etxean
    • Afal ostean: San Juan sua (kantu, salto eta brinko egiteko aukera)
  • Ekainak 24, egubakoitza:
    • 11:00etan, San Juan eguneko meza eta lore-sortak bedeinkatzea Arantzazuko elizan
    • 12:00etan, luntxa auzo etxean (auzoko diru-poltsatik ordainduko da)

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak