Oñatin ere egingo dituzte Goienagusik antolatutako ekintzak

Oihana Elorza Gorostiza 2022ko eka. 7a, 20:25

Datorren urritik aurrera, Oñatin ere egingo dituzte, hamabostean behin, Goienagusik antolatutako ekintzak. 55 urtetik gorakoendako hitzaldiak, irteerak edo tailerrak eskaintzen ditu Goienagusi kultura elkarteak, elkarren arteko harremana sortu edo sendotzearekin batera. Gaur sinatu dute akordioa Udalak eta Goienagusik.

Hamargarren urteurrena ospatuko du Goienagusi kultura elkarteak urrian. Arrasaten eta Bergaran eskaini ditu hitzaldiak, ekintzak zein tailerrak orain arte baina datorren urtetik aurrera Oñatin ere izango dira. Goizean sinatu dute akordioa Oñatiko Udalak –maiatzeko osoko bilkuran aho batez onartu zuten– eta Goienagusi kultura elkarteak. Urtebeterako da sinatutako hitzarmena.

55 urtetik gorakoendako dira Goienagusik antolatzen dituen ekintzak. "Izan daitezke hitzaldiak, gai askori buruzkoak, tailerrak zein irteerak. Batetik adin horretatik gorakoen jakinmina betetzen lagundu gura du elkarte honek, baina bestetik baita parte-hartzaileen arteko harremana sortzea ere", adierazi du goizean elkarteko presidenteak, Rosa Urretak.

Egun 216 bazkide ditu Goienagusik; erdiak pasa dira Arrasatekoak eta beste erdia Debagoieneko herri guztietako herritarrek osatzen dute. Oñatiko Jesus Mari Ugarte, esaterako, azken hilabeteetan egindako ekintza batzuetan hartu du parte eta balorazioa oso ona dela adierazi du: "Adibidez, 5G-ari buruzko hitzaldi batera joan nintze, sare sozialei buruzkora ere bai eta baita klima aldaketari buruzkoa ere. Oso interesgarriak izan ziren, hizlariak onak eta pazientzia handikoak. Aztirira egindako irteerara ere joan nintzen".

Goizean egin dute aurkezpena kultura etxean. Gosaria eskaini zaie lehenbizi gonbidatuei eta gero izan dira aurkezpena, sinadura ekitaldia eta talde argazkia. "Aurrerantzean ere bada gure asmoa Oñatin egiten diren hitzaldietan horrelako otorduak edo antzerakoak antolatzeko, hitzaldia hasi aurretik edo ondoren euren artean egoteko tartetxo bat sortuz. Izan ere, batetik, ume zein gazteei ez ezik helduei ere hezkuntza eskaintzeko helburua da bat –Esperientiziaren Gela–, baina baita euren arteko sozializazioa ere", adierazi du alkateak, Izaro Elorzak.

Rosa Urretak azaldu duen moduan, Goienagusiko bazkideta, ikasturte osokoa, 80 euro dira. Oñatin, baina, doan izango dira datozen ikasturtean; urritik abendura bitartean, gainera, Arrasatekoak edo Bergarakoak ere doan izango dira oñatiarrendako.

Goienagusik egitarau bat antolatu du datorren ikasturterako eta hor jasotzen direnak Arrasaten, Bergaran eta Oñatin egingo dituzte; hamabostean behin izango dira, astelehenetan eta eguaztenetan. Goizetik, 10:00etatik 11:30era. Urriaren 5ean hasiko da ikasturtea eta hurrengo astean izango da Oñatin egingo den lehen hitzaldia. Egitaraua prestatzen dihardute eta laster jarriko dute ikusgai. Bertan parte hartu gura duenak aukera izango du Oñatiko hitzaldietan egiteko edo Goienagusiko webgunean sartuta.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak