Azken urtean HAPOri buruzko informaziorik ez duela dio EAJk

Oihana Elorza Gorostiza 2022ko eka. 3a, 13:34

EAJk aipatzen duen Berezaoko eremua (Argazkia: EAJ).

Informazioa eskatu eta EH Bilduk Planerako dituen irizpide eta helbururekin "kezkatuta" daudela esan du.

Hiri Antolamenduaren Plan Orokorrari dagokionez Udal Gobernuak urtebetean ez duela ezer esan adierazi du alderdi jeltzaleak prentsa ohar bidez. Dio maiatzaren 10ean bete zela urtebete aurkezpena egin zuenetik, eta zein fasetan dagoen eta idazketa zelan doan jakin gura dutela. Idazketa informazio eta gardentasun faltarekin egiten ari direla salatu du EAJk.

Proposamenak kanpoan

Aldi berean, "EH Bilduk planerako aurkeztu zituen irizpide eta helburu orokorrekin kezkatuta" ere badagoela dio alderdi jeltzaleak prentsa oharrean: "Modu okerrean planteatu baitziren hainbat gai, batez ere esparru hauetan: bizitegi-lurzorua, industria arloa eta kirol arloko ekipamenduak". Etxebizitzei lotuta, jeltzaleek diote ez dela planteamendu egokia datozen urteetako etxebizitzen eraikuntza Cegasa eta Eroski-Berazaoko lurzoruetara bideratzea eta "errorea" izan dela haien proposamena, Garayrena, onartu ez izana. Bestalde, futbol zelai berrirako gunerik aproposena Berezao dela adierazi du berriz. "Gainera, hainbeste urtetan eskatutako kanpo igerilekuak egiteko eremu aproposa ere badela uste dugu". Haiek egindako proposamenei dagokienez, jeltzaleek diote oharrean "iradokizunen eta ekarpenen zerrenda bat" aurkeztu zutela: "Baina, azkenean, ez ziren kontuan hartu eta ez ziren planean barneratu".

Puntuak aztertu

Azken osoko bilkuran, maiatzekoan, gaiari buruz galdetuta erantzun zehatzik jaso ez zutela ere badio EAJk oharrean. Izaro Elorza alkateak eta Hirigintza batzordeburuak erantzun zien idazketa taldea ari dela lanean: "Fitxaz fitxa informazio jaso eta banan aztertzea zen aukera bat, baina eurek egokiago ikusi dute dokumentua landuta dutenean guri pasatzea, udal mailan lantzeko eta hirigintzatik hartu behar diren erabakiak landu eta hor sartzeko. Hasierako onarpena izango den forma horretan egongo da euren txosten hori eta gero hasiko gara aztertzen. Puntu guztiak aztertuko dira. Uda aurretik izatea da asmoa".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak