Urtero eskaintzen die emanaldi bat bazkideei Ganbara Faktoriak, eta aurtengoa zapatuan, ekainak 4, izango da, Santa Anan, 19:00etan. Estilo askotariko musika piezak abestuko dituzte Ganbara Txiki, Ganbara eta Hots abesbatzek, baina denak emakumeek sinatutakoak. Kontzertua borobiltzeko, bi pieza abestuko dituzte denek batera Amaia Zipitriaren laguntzarekin: Junkal Guerreroren Non degu non? eta Olatz Zugastiren Bizirik gaudelako. Hiru abesbatzez gain, Amaia Zipitria eta Leire Egaña ere arituko dira, pianoan. 110 lagunek baino gehiagok par- te hartuko dute.
Egun, 109 bazkide ditu Ganbarak, ohorezkoak diren Udala eta Ulma kooperatibaz gain. Elkartearen sostengu oso garrantzitsua dira guztiak eta bereziki prestatutako esker oneko kontzertua eskaini gura die- te, beste behin, hiru abesbatzek. Bazkideak ez ezik, baina, ez direnak ere joan ahal izango dira. Zortzi eurotan daude salgai sarrerak, ohiko tokietan.