COVID-19ak jarritako neurriekin hasi zuten Jabetze Eskolako ikasturtea, baina neurriak malgutu ahala normalitatera hurbildu da eta kurtso amaierako festa ere antolatu dute, hiru urteren ostean; hilaren 31n, gaur, izango da. Balorazioari dagokionez, antolatutako ikastaroek harrera ona izan dutela baieztatu du Udaleko Berdintasun Sailak. Parte-hartzaile kopurua ere –235 emakume– aurreko urteetakoa baino handiagoa izan da, baina gazteengana hurbiltzeko moduan asmatu beharra dutela ere ikusi dute. Datuak esku artean dituztela, emakumeen arteko sareak sortu eta indartzeko espazioak sortzen jarraitu gura dutela adierazi dute.
Neska gazteengana heltzea
Guztira, hogei ikastaro antolatu dituzte ikasturte honetan eta horietatik hamalau burutu. Neska gazteen Jabetze Eskolaren baitan antolatutako bi ikastaroak dira bertan behera geratu direnetako bi. "Agerian uzten digu honek neska gazteekin lan egiteko moduan eta eurengana iritsi ahal izateko moduetan sakondu beharko genukeela. Ez dugu urte batetik bestera lortuko, baina norabide horretan lan egin nahi dugu aurrerantzean ere", dio Berdintasuneko udal teknikariak. Balorazio ona jaso duten proposamenen artean daude, bestalde, ekofeminismoaren gaineko saioa, Zauriak dokumentala eta Mari Luz Estebanen hitzaldia.
Datorren urteari begira
Sortzen diren taldeetan elkartzen diren emakumeen aniztasuna eta euren artean sortzen den harremana bereziki baloratzen du Berdintasun Sailak, eta hurrengo ikasturteko proposamenak lantzen hasita daude. "Harremanetan gaude Jabetze Eskolaren erabiltzaileekin eta herriko mugimendu feministarekin, eta elkarlanean ezarritako erronka eta egitasmoak dira esku artean dauzkagunak: neska gazteen Jabetze Eskola indartu, hitzaldi eta gogoeta espazioak indartzen segi eta espazio egonkor eta tailer edo hitzaldi laburren arteko oreka bilatu". Horrez gain, espazio propio bat izatea ere bada desioetako bat.
Kultura etxean da jaia
Gaur, martitzena, hilak 31, da Jabetze Eskolako ikasturte amaierako festa. Kultura etxean izango da, 18:30ean. Urteari errepasoa egingo diote lehenengo, eta, segidan, 19:00etan, Luze eta Motz antzezlana egongo da. 20:00etan, berriz, mokadutxoak eta Ane Irabazabalen zuzeneko kontzertua.