Kale Zaharrean egongo da Oñatiko Emakumeen Etxea

Oihana Elorza Gorostiza 2022ko mai. 27a, 09:12

Kale Zaharra 13 zenbakiko eraikina (Argazkia: Google maps).

Kale Zaharrean, Sillero eta Ogibarri denden parean dagoen eraikina erosi du Udalak egokitu eta Emakumeen Etxea hor kokatzeko. Maiatzeko osoko bilkuran, atzo, onartu zuen udalbatzak.

Udalak deialdia egina zuen Emakumeen Etxea kokatzeko eraikin bat erosteko interesa zuela iragarriz. Hainbat baldintza bete behar zituen eraikin horrek: autobus geltoki batetik gertu egotea, erdigunean, irisgarria izatea... Eskaintza bakarra jaso du eta horixe erostea erabaki du. Kale Zaharra kaleko 13 atariko eraikina da, Sillero oinetako dendaren eta Ogiberri okindegiaren parean dagoena, kantoitik behera Aita Madina kalera egiten duena. 

Atzo, eguena, udalbatzak egindako maiatzeko osoko bikuran onartu zen erabakia, aho batez. "Partidetzazko aurrekontuetatik diagnostikoa atera zen, Emakume Kontseiluaren, mugimendu feministaren eta Udaleko Berdintasun sailaren babesa ere baduena. Ikusi da beharra dagoela", erabakia onartu ondoren Izaro Elorza alkateak atzo osoko bilkuran esandakoa.

Esperientzia Gela, martxan

Bestalde, Goienagusi kultur elkartearekin hitzarmena osatzea ere onartu zuen, aho batez, udalbatzak. Horrela, datorren ikasturtean, irailetik ekainera, Goienagusik bere hitzaldiak edo tailerrak eskainiko ditu Oñatin ere, Esperientzia Gela izeneko ekimena martxan jarriz. Hitzaldi horiek zinema aretoan edo Santa Ana antzokian izatea aurreikusten da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak