Harrizko lehengaien inguruko arkeotopaketak egingo dituzte Oñatin aste honetan

Oihana Elorza Gorostiza 2022ko mai. 24a, 09:46

Silex harria (Argazkia: flickr)

Oñatiko Unibertsitatea izena hartu duten lehen arkeotopaketak dira eta asmoa da urtean behin egitea. Eguaztenetik egubakoitzera bitartean egingo dute aurtengoak eta 32 ikerlarik hartuko dute parte.

Arkeologiaren gaineko Oñatiko Unibertsitatea izeneko topaketak antolatu dituzte aste honetarako Oñatin. Asmoa da urtean topaketa bat egitea, Pirinioetako ingurunea aztertzen duten ikerketa-taldeen arteko sare-lana sustatuz, aldiro gai konkretu bat landuz. Lehenengo honetarako, Pirinioen historiaurreko eta penintsularen iparraldeko lehengai litikoen gaia aukeratu dute.

Suharriari buruzko hitzaldia eguaztenean

Harrizko lehengaiak Pirinioetako historiaurrean izeneko topaketa hauen arduradunak Alvaro Arrizabalaga eta Andoni Tarriño dira. Maiatzaren 25etik 27ra bitartean egingo da Oñatiko Sancti Spiritus unibertsitatean eta zenbait unibertsitatetako 32 ikerlarik hartuko dute parte –Eusal Herria, Burgos, Salamanca, Zaragoza, Bartzelona, Oviedo...–. Aurkezpen ekitaldiko hitzaldia Andoni Tarriñok, EHUko irakaslea, egingo du eta suharriari buruzko dibulgazio solasaldia izango da. Hilaren 25ean izango da, unibertsitateko areto nagusian, 19:00etan.

Euskal Herriko Unibertsitateko historiaurre sailak eta Oñatiko Udalak sinatuta duten lankidetza hitzarmenak jasotzen dituen urteko jardueretako bat izango da hiru eguneko jardunaldi hau. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak