Saunaren eta igerilekuaren erreserba sistemak, bertan behera

Amaia Txintxurreta Guridi 2022ko mai. 18a, 11:49
Hainbat igerilari, Zubikoako igerilekuan.

Pandemiagatik, orain arte erreserba egitea derrigorrezkoa izan da Zubikoako sauna zerbitzua erabiltzeko, eta azken aldian, igerileku handiko hiru kale erabiltzeko ere erreserba egin beharra zegoen. Datozen egunotan baina, erreserba sistema horiek bertan behera geldituko dira.

Orain arte erreserba egitea derrigorrezkoa izan da Zubikoako sauna zerbitzua erabiltzeko, eta hilaren 19tik aurrera, hau da, eguenetik aurrera, ez da erreserbarik egin beharko. Dena den, erreserba sistema bertan behera gelditzen bada ere, generoaren araberako txanden antolaketan –txanda egunetan eta ordutegian– ez da aldaketarik izango –kontsultatu hemen–.

Igerileku handian, gaur egun hiru kale daude erreserbatzeko moduan, baina hilaren 21etik aurrera, hau da, zapatutik aurrera, erabilera librea izango da kale guztietan, ikastaro eta ekintza gidatuetarako erreserbatutako igeriketa-kaleak izan ezik. Sorosleek antolatuko dituzte kaleak igeriketa mailaren arabera.

Bestalde, uda sasoian igerilekuko hiruzpalau kale erreserbatuko dira jolasetarako. Kale horiek libre egonez gero, posible izango da horietan igeri egitea.

Joan den astelehenetik aurrera, belardia eta solariuma irekita daude eguzkia hartzeko, eta ekainaren 11an irekiko dituzte igerilekutik belardira ematen dituzten ateak. Ekainaren 11n zabalduko dituzte baita ere ur txorrotak eta Usakoko uda denboraldia ere orduan irekiko dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak