Bi urtean jendaurrean apenas jo barik egon ondoren, "gustura" jardun zuten Des-kontrol taldekoek domekan Herri Urrats jaialdiaren baitan eman zuten kontzertuan. "Sekulako giroa egon zen, eta, urduritasun puntu batekin bazen ere, gu ere gogoz geunden zuzenekoetara itzultzeko. Oñatira joateko beti gaude gogoz, oso harrera ona egiten digute-eta han beti. Knockout Madrilgo lagun batzuk dira, eta pozik gaude kartela partekatuko dugulako, eta baita Lehen Lerroarekin ere, jende jatorra da eta indar handia dute", azaldu du Des-kontrol taldeko gitarra-jole Oier Beitia Magu-k.
"Egutegian aspaldi gorriz markatuta daukagun data da", dio Lehen Lerroa taldeko Aitor Regueirok, eta zera gaineratu du: "Des-kontrol eskualdeko erreferentzia da musika estilo horretan eta Knockout taldearen jarraitzaileak ere bagara".
Disko berriko kantuak
Inoiz baino argiago izeneko lan luze berria argitaratzear dute Arrasatekoek eta horren isla izango du euren emanaldiak. "Diskoa erosteko aukerarik ez da izango, atzeratu egin da ekoizpena, orokorrean, bereziki, binilo formatuari dagokionez; beraz, ez dakigu seguru noiz izango dugun lan berria eskuetan. Oinarrian, orain arteko bidetik doaz kantu berriak. Hamaika dira, guztira; horien artean, apur bat gogorragoak diren bi daude, baina gure ohiko melodia dutenak".
Taldearen izen bera duen eta orain dela gutxi argitaratu duten diskoko kantuak dituzte Lehen Lerroa taldekoek euren zerrendan jasota. "Bost kanturekin osatuta dago bilduma; kantu azkarrak dira, orokorrean, baina hunkitzea bilatzen duten horietakoak ere badaude. Kontzertu asko ematen ari gara eta Oñatin orain dela gutxi eman genuenaren bidetik joango da gaurko emanaldia, baina izango da sorpresaren bat edo beste".