Pandemiagatik azken bi urteetan jokatu gabe egon ostean, bueltan da, beste urte batez, txosna batzordeak eta Aloña Mendik antolatzen duten Oñatiko Pilota Txapelketa. Ekainean eta uztailean jokatuko dira lehenengo partiduak eta irailean izango dira finalerdiak eta finalak, San Migel jaien bueltan. Finala handia irailaren 30ean izango da, egubakoitza eta Herri Egunaren bezpera.
2019an azkenekoa
Bi urteko etenaren ostean, antolatzaileek ez dakite oraindik nolako harrera izango duen aurtengoan txapelketak, baina aurreko urteetako arrakastari eustea dute helburu: "2019an, esaterako, guztira, 100 lagunek hartu zuten parte, 50 bikotek; 35 gizonezkoenak izan ziren eta 15 emakumezkoenak. Urte hartan animatu ziren, gainera, inoiz baino emakume gehiago parte hartzera. Eta egia da herritar asko erakartzen dituen txapelketa dela, partiduetan animatzera ere geroz eta herritar gehiago azaldu izan dira azken urteetan eta giro polita sortzen da", adierazi du txapelketako batzordeko kide Oier Fernandezek.
Helburua, frontoira joatea
Azkeneko aldian 200 partidu inguru jokatu ziren txapelketan, eta helburua hauxe dela azpimarratu du Fernandezek: "Herritarrak frontoira joatea eta pilotarekiko afizioa dutenek horrelako txapelketa batean jokatzeko aukera izatea da helburua". Gaineratu du batzuek irabazteko helburuarekin parte hartzen duten arren, "pike sanoa" egoten dela jokalarien artean eta nabarmendu du herritar guztiei zabalik dagoen txapelketa dela, bakoitzak daukan pilotan jokatzeko maila edozein dela ere.
Sariak
Gizonezkoendako eta emakumezkoendako banatuko dituzte sariak. Txapeldunek txapela jasotzeaz gain, finalista guztiek izango dute aukera pilota jokalari profesionalen finala ikustera joateko.
Izen-ematea, zabalik
Hilaren 22ra bitartean eman ahalko da izena txapelketan parte hartzeko, Arrano, Boga edo Ongi tabernetan. 15 euro ordaindu beharko dira bikoteko eta gehienez ere federatu bakarra egon ahal izango da bikote bakoitzean. Herrian bizi direnek edo herritarrak direnek hartu ahalko dute parte.
Pilotazaleen izen-ematea sustatzeko, martitzenean spot bat grabatzen izan ziren frontoian. Ikus-entzunezko hori Bernat Alberdik eta Kepa Aranburuk egin dute eta albiste hasieran ikus daiteke. Laster zabalduko dute sare sozialen bitartez.