Mikel Ugarte Espainiako Triatloi Txapelketan txapeldunorde izan da

Xabier Urtzelai 2022ko mai. 8a, 15:50

Mikel Ugarte, helmugan.

Ironman distantziako Espainiako Triatloi Txapelketa jokatu dute gaur, domeka, Gironan eta Mikel Ugarte oñatiarra izan da lasterketako protagonistetako bat. Lasterketa buruan izan da proba irabazi duen Victor Arroyorekin lehian, eta korrikako azken tartean aurrea hartu du Arroyok. Bigarren sailkatuta, lasterketa ikusgarria egin du Oñatikoak.

Lasterketa izugarria egin du Mikel Ugarte oñatiarrak, gaur, Platya d´Aro-n (Girona). Ironman distantzian 8.35.22ko marka egin du txantxikuak, lasterketa irabazi duen Victor Arroyok baino 12 minutu gehiago. Probako une askotan, baina, Ugarte izan da lasterketa buruan joan den gizona.

Atzetik aurrera

Oñatikoak 45 minutu behar izan ditu igeriketako tartea (3,6 kilometro) egiteko, eta bosgarren marka onena egin du tarte horretan. Bizikleta gainean jartzearekin batera harrapatu ditu, baina, aurreko laurak, eta hor hasi du txantxikuak erakustaldia. Erori ere egin da bizikleta gainetik, baina horrek ez dio eragotzi lasterketa buruan jartzea, eta tartea egitea. Hala, 180 kilometroko zirkuitua osatzeko 4.52ko denbora egin zuen bizikleta gainean, hori bai, sektore horretan marka onena eginda –31.7-ko batazbestekoarekin–.  

Oraindik, baina, maratoia zuten aurretik, eta hor poliki-poliki bizikleta gainean eskuratutako abantaila galtzen joan da. Bai, behintzat, lasterketa irabazi duen Victor Arroyorekiko, hura izan da-eta Oñatikoa harrapatzeko gauza izan den bakarra. Giharretako arazoekin, Ugartek eutsi egin dio bigarren postuari –2.53 korrikako tartean–, eta helmugan 8.35.22ko denbora eginda geratu du erlojua. Lasterketa irabazi duen Victor Arroyok 8.23.51ko denbora egin du, eta podiuma osatu duen Roger Manyak 8.42.36.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak