Aurrekontu parte-hartzaileak abiarazi ditu Oñatiko Udalak

Oihana Elorza Gorostiza 2022ko mai. 6a, 13:29

Izaro Elorza alkatea, Onintza Andres Partaidetzako udal teknikaria eta Ainhoa Galdos udal bozeramaile jeltzalea (Argazkia: Kontzejupetik).

Gaurtik hilaren 27ra bitartean egin ditzakete proposamenak herritarrek, online edo herriko hainbat gunetan jarri dituzten postontziak erabilita. Hilaren 19an, informazio tailer irekia egongo da, zuzeneko informazioa jaso edo zalantzak argitzeko.

Partaidetzako aurrekontu prozesua jarri du martxan Udalak; 500.000 euro bideratu ditu horretara. Herritarrek erabakiko dute kopuru hori zein proiektu egiteko erabiliko den, eta proposamenak egiteko epea zabaldu dute. Gaurtik, maiatzak 6, egubakoitza, hilaren 27ra arte egongo da epea zabalik herritarren ekarpenak jasotzeko.

Loteslea izango da erabakia

Proposamenak online –udal webgunean sartuta– edo udal eraikinetan eta herriko beste gune batzuetan jarriko dituzten postontzietara etxera bidalitako esku orriak beteta sartuz egin daitezke, eta herritar bakoitzak gura dituen beste egin ditzake. Udal ordezkariek jasotako proposamen guztiak aztertuko dituzte eta baldintzak betetzen dituzten guztien artean lehentasuna zeintzuek duten erabakiko dute herritarren artean. Prozesuak udalbatza osatzen duten alderdi bien babesa du, EH Bildurena eta EAJrena, eta hartutako erabakia loteslea izango da. Hau da, herritarrek erabakitako proiektu horiek egiteko konpromisoa hartuko du Udalak. Herritarrez osatutako berme talde batek egingo dio, gainera, jarraipena, prozesuari.

Aurten izango da hori. Urtea bukatu aurretik erabakiko dute 500.000 euro horiek zertan erabiliko diren eta proiektuak datozen bi urteetan gauzatuko dira, 2023an eta 2024an.

Prozesua jarraitu daiteke

Proposamenak egiteko baldintza batzuk dira, adibidez, aurretik planifikatu gabea edo martxan ez egotea, udal eskumenekoa, interes orokorrekoa, interes publikoa duena eta bi urtean egin ahal izateko modukoa izan behar duela. Diruari lotuta, 200.000 euro baino gehiagoko gasturik gabekoa izatea eskatzen da.

Prozesuari buruzko zalantzak, argibideak edo kezkak azaltzeko, baina, informazio tailerra egingo dute hilaren 19an. Euskaldun Berria gelan izango da, 18:00etan, eta, informazioa zuzenean jasotzeaz gain, proposamenak egiteko modua ere izango dute herritarrek. Informazio eguneratua jasotzeko bideak ere zabalduko dituzte sare sozialen bitartez. Telegram-era batu egin behar da, eta Whatsapp-era berriz, norberaren telefonoan gorde behar da 688 679 460 zenbakia kontaktu modura. Bestelako bideak: partaidetza@onati.eus helbidea eta 688 67 94 60 edo 943 78 04 11 telefono zenbakiak.

Aurreko aurrekontu parte-hartzailea 2018-2020 urteen artean egin zen. Herritarrek egindako 38 proposamenetatik hamasei aukeratu zituzten; tartean, bizikleten aparkaleku estaliak, komunak pasealekuetan eta Ugarkaldeko jolasgunea estaltzea.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak