Askotariko musika eskaintza izango da San Miel Txiki jaietan

Amaia Txintxurreta Guridi 2022ko mai. 5a, 13:05

Letagineko Iban Idigoras, Julen Agirre, Unai Lete eta Mikel Aginagalde. (Argazkia: Asier Egaña).

Bihar, egubakoitza, hasiko dira, TTEK elektrotxarangak girotuta, eta gauean aspaldian herrian jo gabe egon den Letagin taldea igoko da oholtzara, besteak beste. Mendikoa taldea eta Miel eta Txiki DJek ere girotuko dute festa egubakoitz gauean. Ekitaldiak domekara bitartean egongo dira.

Txupinazoarekin ekingo diete San Miel Txiki jaiei, bihar, egubakoitza, 19:00etan. Ttek elektrotxaranga hasiko da kalea girotzen, eta 22:30ean, Uharte Arakilgo Mendikoa taldea igoko da taula gainera. Ostean, Letagin taldeko oñatiarrek girotuko dituzte jaiak eta festak jarraituko du Miel eta Txiki DJekin, txosnagunean.

Zapatuan, triki-poteoa egingo dute, eta 22:30ean, Dupla bikoak jarriko du martxa. Ostean, Beasaingo Muxutruk taldearen doinuak entzungo dira. Domekan, 13:00etan, Biren kontzertua izango da Maiatzaren Bata plazan, eta 18:00etan, Oñatzeko dantzarien saioa izango da. 19:00etan, San Anton plazan musikari oñatiarrak dituen Keia taldearen txanda izango da.

Bestelakoak ere izango dira: Hotz elkarteak janari postua jarriko du egubakoitzean; eta zapatuan, Alberto Arregiren omenezko mendiko bizikleta zeharkaldia egingo dute, besteak beste. Etxeko txikienendako, bestalde, erraldoi eta txorimaloak ere izango dira.

Hau da prestatu duten egitarau osoa.

Jai "berdinzaleak"

Udaleko Berdintasun Departamentutik 2022ko jai "berdinzaleen" aldeko kanpaina abiatu dute. "Denon artean, jai parekideez goza dezagun, lanak eta gozamena partekatuz", adierazi dute. Eta horrez gain, San Miel Txiki hauetan, eraso sexisten arretarako eta informaziorako telefono bat ere zabalduko dute ostiral eta zapatu gauerako: 688 60 20 89

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak